Ekainaren 19an, igandea, ospatuko da Trinitate Eguna. Ohiturari jarraituz goizez Mendaurko ermitan mezak izanen dira eta eguerdian enbaltseetan bazkaria eginen da Ibintza Kultur Taldeak antolatuta.
Bazkalondotik musikarekin ilunabarra arte giro bikaina izanen da enbaltseetan eta gaua hurbiltzen den heinean 20:00 aldera, herrira jeitsi eta Aurtizko ostatuetan geldialdia egin ondotik, Iturenen segituko du besta giroak. irutengo plazan dantzaldia izanen baita.
Abesbatza Iturengo Elizan
Mendaurko kaxkoan egun guztiko besta izateaz gain ez da Iturenen izanen den ekitaldi bakarra. San Martin elizan Iruñeko Katedraleko musika kapillak kantatuko du 11:00etako mezan.
Ekaineko iganderen batean Nafarroako txokoak aukeratzen ditu kapilla honek kantuan aritzeko eta aldi honetan elizako organoa konpondua dela aprobetxatuz, eta kapillako zuzendaria herriko semea delako, Ituren aukeratu dute. Eguna borobiltzeko, Elgorriagako bainuetxetik ere pasako dira eta ondotik, Donezteben bazkalduko dute.