Saldiasko Herriko Etxeko ganbaran Nafarroako konkistaz hitzaldia izanen da ekainaren 17an, ortzirala. 22:00etatik aitzinera Angel Rekalde Nabarralde elkarteko zuzendariak emanen ditu Nafarroaren konkistari buruzko datuak. Hitzaldiarekin batera bideo bat emanen dute. Ondoren galderak eta zalantzak argitzeko aukera izanen da.
Nabarralde Elkartearen nahia da Euskal Herriko historia erakustea jendeari, orain arte altxatu diguten historia agerraraztea. Euskal historialari asko eta onak ari dira hor lanean, agiri eta idazki zaharrak leitzen eta interpretatzen, eta, horrekin batean, gauza aunitz egiten dituzte: hitzaldiak eman, liburuak atera, artikuluak idatzi, bideoak proiektatu, DVDak atera, gogoetak egin, mahai inguruak... Herri guziek dute beren historia, baita Euskal Herriak ere, eta ez nolanahikoa. Eskola garaian, beste herri bateko historia erakutsi digute, eta gureaz ia-ia ez dugu deus ere ikasi. Konparazio batera, zazpi euskal herriak Nafarroaren barrenean egonduak direla ehunka urtez, edo orain dela 499 urte Gaztelak beretzat hartu zuela Nafarroa gehiena. Hain zuzen, gure historiako mugarri bat izandu da konkista hori, eta mugarri horrek 500 urte eginen ditu heldu den urtean. Horrentzat ari da Nabarralde hitzaldi horiek ematen. Baina, hori garbiago esplikatzeko, Angel Rekalde etorriko da Saldiasera.