Ttipi-Ttapak Facebook sare sozialean duen orria zorion agurrez josia agertu zen astelehenean, ekainaren 13an. Ehun baino gehiago ailegatu ziren. Arrazoia: 1980ko ekainaren 13a ageri da Ttipi-Ttaparen sortze data bezala webgune horren profilean. Egia da Ttipi-Ttaparen lehen alea duela 31 urteko uda partean argitara eman zela, baina data ez dakigu xuxen. Orduan, noizbehinka argitaratzen zen txuribeltzeko kultur aldizkari hura hamabostero eskualdeko berriak biltzen dituen informazio aldizkari koloretsua bilakatu da. 544. alea argitara eman du. Eta Interneterako saltoa eman zuen lehen euskal aldizkarietakoa ere izan zen, duela 15 bat urte. Argia saria ere jaso zuen arrazoi horregatik. Orain, www.ttipi.net webgunearen eta hau idazterakoan 3.138 lagun dituen Facebook sareko orriaren bitartez irakurleekiko hartuemana aunitz bizkortu eta erraztu da eta horren erakusle dira zorion agurrak ere. Eskualdetik eta Euskal Herritik ez ezik, Txiapas, Arrecifes, Kaliforniatik ere heldu dira, dudarik gabe lanean segitzeko animatzen duten mezuak.
Bada Kaxianoren Zorionak kantuaren bideoa ere bidali digunik. Denei milesker!