Ezustekorik gabe joan zen ekainaren 11n herrietako alkate karguen hartzeak. Orokorrean, alkategai bozkatuenak izendatu ziren alkate, eskualdeko bi herri handienetan izan ezik. Baztanen, Bilduko Garbiñe Elizegi da alkate berria, Baztango Ezkerrako bi hautetsiek bere alde bozkatu ondotik. Beran, berriz, Aralarreko Marisol Taberna da alkate, EAJ-PNVko bi zinegotzien botuei esker.
Baztanen, bosna zinegotzi zituzten UPNk eta Bilduk, baina alderdi erregionalistak koalizio abertzaleak baino 37 botu gehiago zituen. Baztango Ezkerrarekin lortutako akordioari esker, honek lortutako bi zinegotziek Garbiñe Elizegiren alde bozkatu zuten eta NABAiko zinegotziak txurian bozkatu zuen.
Beran ere berdintsu gertatu zen. Kasu honetan, Bilduk eta Aralarrek launa zinegotzi zituzten, baina Bilduk 60 botu gehiago. PNVko bi zinegotziek iragarria zuten bezala, Aralarren aldeko bozka eman zuten eta honela, Marisol Taberna da alkate. Karguhartze ekitaldian, UPNko zinegotzia ezagutzeko aukera ere izan zuten beratarrek, zin egiteko formula gazteleraz irakurtzea eskatu baitzuen Juan Losak.
Gehiengo osorik gabe, akordioen jokoa izan zezakeen bertze udal bat Etxalarkoa zen. Herri Taldeak eta Etxalarko Independenteek hiruna zinegotzi zuten eta Etxalar Aintzinerat taldeak bakarra. Azken honek txurian bozkatu zuen eta bertze bi taldeek bere zerrendaburuari. Beraz, Herri Taldeak 45 botu gehiago zituenez, Migel Mari Irigoien izanen da alkate Etxalarren.
Alkateak herriz herri
Gainerako herrietan, gehiengo osoak zirenez ez zen ezustekorik izan. Bortzirietan, Lesakan, Bilduko Peio Etxabide izanen da alkate, Arantzan ere Bilduko Jaime Iturria eta Igantzin Herri Taldeko Mª Lourdes Ibarluzea. Sunbillan, Bilduko Amets Inda izanen da alkate, Bertizaranan Bilduko Antonio Erregerena, Donezteben EAko Miguel San Miguel, Zubietan Herriko Taldeko Patxiku Mitxelena; Urdazubin, Azkar taldeko Santiago Villaresek segituko du alkatetzan. Leitzaldean, berriz, Leitzan eta Goizuetan Bilduko hautagaiak izanen dira alkate, Oier Eizmendi eta Pablo Miranda, eta Areson, Areso Eraikiz taldeko Ur Alguero.
Arano, Beintza-Labaien, Donamaria, Elgorriaga, Ituren eta Urrozen hemendik sei hilabetetara izanen dute udal hauteskundeak berriz egiteko deialdia.
250 biztanle baino guttiagoko herrietan, alkate eta 4 zinegotzi aukeratu dituzte, zerrenda irekien bidez. Bortz lagun horien artean, alkateak aukeratu zituzten ekainaren 11ko saioan.
Honela, Eratsunen Francisco Maria Retegi Deskarga izanen da alkate; Ezkurran, Julian Gogortza Jauregik segituko du karguan; Oizen, Alberto San Miguel Mindegiak segituko du; Saldiasen, Jacinto Dominguez San Nazario izanen da alkate eta Zugarramurdin, Jesus Maria Agerre Indaburu.