Euskaraz Bizi Eguna ospatuko da larunbatean Azkainen

TTIPI TTAPA 2011ko ekainaren 9a

Auzolanetik abiatuta egitarau zabala prestatu dute Azkainen. Utzitako argazkia

Euskal Herrian Euskaraz erakundeak egun osorako ekitaldiak antolatu ditu

Euskal Herri euskaldunaren bidean urrats bat gehiago eman eta euskaraz bizi den herriaren erakusleiho izan nahi du Azkainek larunbat huntan eginen den Euskaraz Bizi Egunak. Besta eta aldarrikapena uztartuz, euskaltzale andana batu nahi du Euskal Herrian Euskaraz erakundeak ekainaren 11n.

Euskal Herri euskaldunaren bidean urrats bat gehiago eman eta euskaraz bizi den herriaren erakusleiho izan nahi du Azkainek larunbat huntan eginen den Euskaraz Bizi Egunak. Besta eta aldarrikapena uztartuz, euskaltzale andana batu nahi du Euskal Herrian Euskaraz erakundeak ekainaren 11n.

Auzolanetik abiatutako egitarau zabala prestatu dute horretarako. Azkaineko pilota plaza inguruan bilduko da eguna: 13:00etan hasiko da eguna ongietorri goxo batekin (kafe/bixkotxak). Kale animazioarekin alaituko da gunea egunean zehar.

15:00etan herri-bazkaria antolatu dute eta horren ondotik txiste tailer parte hartzailea izanen da. 18:00etan, esku huska pilota partida: Jon Paterne eta Andoni Alberdi, Ibai Arregi eta Orkatz Aranoren kontra. Iluntzean, berriz, kontzertuek hartuko dute lekukoa: Izate eta Xarma taldeekin igaroko dira Gaztetxetik.

Antolatzaileek aipatu dutenez, «euskaraz bizitzearen aldeko hautua indartzeko eguna da Euskaraz Bizi Eguna; euskaldunok sasi artetik salto egin eta garenaz harro gaudela erakusteko eguna, herri euskaldunaren eta euskararen alde egotetik harago, horren alde egiteko prest gaudela adierazteko eguna».

Euskaraz bizi? Posible liteke? galderei erantzunez, “euskaldunok hainbatetan erakutsi dugu sasiak astindu eta euskaldun egiten gaituenari eusteko prest gaudela” dio EHEren oharrak. “Geuri dagokigu euskaraz bizitzeko bidea egitea; auzolanetik, bakoitzak bere horretan eta guztiok batera, bidea egin eta aldaketak eragin ditzakegu. 7 euskaldun + erdaldun 1 = 8 erdaldun ekuazioarekin apurtu eta determinazioz eguneroko hizkuntza praktikan burujabe jokatzea ezinbestekoa da horretarako”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun