Maiatzaren 28an jokatu zen Espainiako Kenpo-Kai Txapelketa Madrilen. Eskualdeko hainbat kirolari izan ziren txapelketan eta emaitza onak lortu zituzten.
Armekin jokatutako kata tradizionalean Rakel Ordoki Doneztebeko taldekoak lortu zuen bigarren postua emakumezkoen helduen mailan gerriko marroi eta beltzean.
Izei Gilleneak, Berako taldekoak, bigarren postua lortu zuen gizonezko helduen lehenengo mailan gerriko marroi eta beltzean eta bigarren postua ere lortu zuen ukipeneko borrokan.
Defentsa pertsonalen tekniketan emakumezkoen Kyus kategorian Ana Mitxelena Urdazubiko Kenpo-Kai klubeko kideak lortu zuen lehen postua.
Ukipen jarraiko borrokan Beñat Garaiarrek lortu zuen bigarren postua 68 kilo artekoen kadeteen mailan.
Puntukako ukipen borrokan Maria Rekalde beratarrak, Ana Mitxelen Urdazubitarrak eta Daniela Perdomo beratarrak hirugarren postuak lortu zituzten bakoitzak bere mailan.