Donapaulek irabazi du Euskal Herriko I. Errugbi txapelketa

Joanes GARCIA 2011ko ekainaren 7a

Errugbiko txapelketako finalistak kontent, bere sariak hartu eta gero. Joanes Garcia

Gasteizko Gaztedik ezustea eman zuen finalean sartuz eta Sara hirugarren izan zen

Joan den maiatzaren 28an iragan den eguna arrakastatsua izan da. Zazpi probintziak bildu dituen txapelketa eguzkipean iragan da. Lehiak gogorrak izan dira, baina kiroltasun osoz jokatuak.

Gasteizeko Gaztedi taldeak ezustea sortu zuen finalerako sailkatuz. Finalean Donapauleko 'bluiak' taldearen kontra lehiatu zuten. Partida 10-10eko berdinketarekin bukatu zen, baina Donapaulek en­tsegu gehiago sartu bait­zituen Baxe Nafa­rrak izan ziren Euskal Herriko lehen txapeldunak. Taldeen portaera goraipatzekoa da.

Sailkapena honelakoa da: 1.Donapaule, 2.Gasteiz, 3.Sara, 4.Hernani, 5.Azkaine, 6.Mendikota, 7.Getxo, 8. Baztan.

Egun hori, Integrazio Batzordearen aldeko ekimena ere izan zen. Ilun­tzean, xapito zoragarrian 500 lagun bildu zituen zikiroko irabaziak elkartearen alde izan ziren. Kuxkuxtu txarangak zintzur bustitzea alaitu zuen. Ondotik , Xutik eta DJ Balporesek gorpu­tzak dantzan ezarri zituzten.

Oroitzapenetik bidaiarat ikusgarria integrazio batzordearen alde

Ahalmen urriagoko haurren eskolatzearen alde egiten duen elkarteak, bertze sustenguak errezibitu ditu. Izan ere, aitzineko aleetan maiz aipatu dugun Oroi­tzapenetik bidaiarat ikusgarriaren antolatzaileek Euskal Herriko erru­gbi txapelketa aprobetxatu nahi izan dute elkarteko kide den Dominique Idiarti 6.700 euroko txekea emaiteko. Bul­tzatzaile eta antolatzaile izan den Zazpiak­ Bat elkarteak, Ol­hain ikastolaren eta Etxo­la gaztetxearen laguntza ukan du. Milesker denei!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun