Mattin bertsularia omenduko dute heriotzaren 30garren urtemugan

Franck DOLOSOR 2011ko ekainaren 7a

Mattin Trecu eta Mari Olandegi jaun-andereak lanean beren etxeko lurretan Mulienean. Ahetzeko bertsularia Euskal Herri osoko plazetan, Parisen eta Ameriketan ere aritu zen kantuz. Itsasoaren bertze al

Ahetzekoaren espos laguna Mari Olandegi senpertarra eta bertsulari alaia zen

Heldu den uztailaren 22an, hiru hamarkada beteko dira Ahetzeko Mattinen boza eta irria isildu zirela. Bertsulari hunen izena eta izana gogoratzeko omenaldia prestatzen ari dira bere sorterrian Herriko Etxe­ko arduradunak, Euskal Kultur Erakundea eta Bertsularien Lagunak elkartea. Mattin zenak lotura hertsia zuen Senpererekin maiz etortzen bai­tzen hunat kantatzerat, Ibarrungo eta Helba­rrungo bestetarat, ber­tzeak bertze, Xalbadorre­kin zonbait aldiz. Adineko senpertar guziek gogoan dute oraino ahez­tarrarekin egin zituzten irriak Sarako besten karietarat konparazione. Bere andrea Mari, duela sei urte zendua hura ere, senpertarra zen eta biziki atxikia zen sorte­rriari. Ez da dudarik he­rritar frango joanen dela beraz auzo herrirat, Ahe­tzerat uztailaren 10ean, omenaldi egunean.

Egitarau zabala

Huna hemen omenaldi egun horren egitaraua.

10:00etan, meza Ja­rraiki koralarekin, Euskal Irra­tietan zabaldua izanen dena zuzenean. Ondotik, Mattinen oroitarriaren aitzinean, Agur Jaunak abestuko da lehenik eta Ahetzeko auzapezaren hitz har­tzea. Segidan, Jose Mari Iriondo, Mattin ongi ezagutu zuen kazetariak hitzaldia eskainiko du.

Mattinen bizia laburbiltzen duen plaka baten agertzea eginen da eta gero Aurreskua dantzatuko da. Txomin Ezpondaren bertsuek ere bere lekua izanen dute ekitaldian. Aperitifa izanen da herriko plazan.

Gero, bazkaria izanen da Ahetzeko Hiriartea ostatuan. Bazkariaren prezioa 23 eurokoa da eta izenak eman behar dira lehenbailehen deituz 05 59 41 95 22 telefono zenbakira.

Bazkalondoan, 16:00­­etan, bertsu saioa eginen da Ahetzeko eskolan Michel Aire Xalbador, Odei Barroso, Ekhi Erremundeguy, Jose Luis Gorrotxategi, Pa­txi Iriart, eta Imanol Lazkanorekin. Gai emailea Joana Itzaina izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun