Udal artxiboan dagoen dokumentu interesgarrienetako bat 1847ko urtarrilaren 8an udaletxean egindako bilkura bati buruzkoa da.
Bilera hartan zinegotziek eta familia-buruek udal konstituzionalak eta Ezkurrako auzotarrek ontzat emandako ebazpena idaztea erabaki zuten. Guzti honen helburua, justizia gobernu on baterako behar ziren alderdi guztiak dokumentu batean edukitzea zen.
Hileta-elizkizunen inguruan baldintzak garatuz hasten da idatzia, hildakoa nork eraman behar zuten esanez, herritarrak familiarekin zein tokitan elkartu behar zuten adieraziz, bildutakoentzako mokadua eta abar.
Mutil gazteen itzuliei dagokionez, jarrera guztiz ezkorra ageri da dokumentuan eta etxeetara dirua edo jatekoa eskatzera joatea debekatu zen, askotan juxtu juxtu zebiltzalako. «Alkateak eta aguazilak ostatuetan barna itzulia egin behar dute elizako ospakizunetan inor ez dagoela ziurtatzeko eta neguan 21:00etan eta udan 22:00etan ixten ez badituzte, isuna jasoko dute».
Baina benetan atentzioa deitzen duena «etxe susmagarriei» buruz idatzia dagoena da. Horrela dio: «alkateak emakume susmagarrien etxean edo logelan herriko edo kanpoko norbait dabilela susmatzen edo aurkitzen badu, edo horren kexarik jasotzen badu, atxilotu eginen du eta berehala sartuko du preso eta dagokion agintariarengana bidaliko du».
Gaiaren inguruan, herriko adinekoekin hitz egin ondotik, herrian horrelako etxeak ba ote ziren ala ez, inork ez zekiela deus adierazi zuten. Baina dokumentua argitaratu zenean, seguru «susmoak izanen zirela».
Badira gauza bitxi gehiago ere agirian. Esaterako, 16 urtetik beherako gazteek debekatua zuten ezkontza erlijiosoetara joatea, edo 12 urtez azpikoek ezin zuten mezara joan edo meza entzun; aurretik dotrinako azterketa gainditu behar zuten.
Gai erlijioso eta moralen ingurukoa da dokumentuaren ia erdia, gaur egun sinestezina eginen litzaiguke, udaletxeen laikotasunaren inguruan ez baitugu zalantzarik.
Beranduago egin ziren dokumentu batzuetan irakur daiteke, dantza lotuak edo baltsak debekatzeko obsesioa zuela Udalak, deabruzko edo ohitura egokien kontrako zerbait bailiran ikusten baitzituten. Zehazki, 1954ko urtarrilaren 11n, alkateak establezimendu publiko eta ostatuei debekatu egin zien dantza lotua «exotikoa, arrotza eta ez morala izateagatik». Horrez gain, «Udalak establezimenduren batean araua hautsi zela ikusiko balu, isilpeko eta ez morala kontsideratuko litzateke eta... edozein motatako dantzak debekatu eginen lirateke toki horretan».
UDAL ARTXIBOAN DAGOENA
«Alkateak emakume susmagarrien etxean edo logelan herriko edo kanpoko norbait dabilela susmatzen badu, atxilotu eginen du eta berehala sartuko du preso»