Nafarroako konkistaz hitzaldia emanen du Nabarralde elkarteak

Markel LIZASOAIN 2011ko ekainaren 7a

Kartel hau da hilaren 17ko solasaldiaren iragarlea. Utzitako argazkia

Herriko Etxean izanen da hilaren 17an, 22:00etan

Aspaldiko partez, hi­tzaldi bat izanen da he­rrian. Nabarralde elkarteko zuzendaria etorriko da hitz egitera. Elkarte horren nahia da Euskal Herriko historia erakustea jendeari, orain arte altxatu diguten historia agerraraztea. Euskal historialari asko eta onak ari dira hor lanean, agiri eta idazki zaharrak leitzen eta interpretatzen, eta, horrekin batean, gauza aunditz egiten dituzte: hitzaldiak eman, liburuak atera, artikuluak idatzi, bideoak proiektatu, DVDak atera, gogoetak egin, mahai inguruak... Herri guziek dute beren historia, baita Euskal Herriak ere, eta ez nolanahikoa. Eskola garaian, beste herri bateko historia erakutsi digute, eta gureaz ia-ia ez dugu deus ere ikasi. Konparazio batera, zazpi euskal herriak Nafarroaren barrenean egonduak direla ehunka urtez, edo orain dela 499 urte Gaztelak beretzat hartu zuela Nafarroa gehiena. Hain zuzen, gure historiako mugarri bat izandu da konkista hori, eta mugarri horrek 500 urte eginen ditu heldu den urtean. Horrentzat ari da Nabarralde hitzaldi horiek ematen. Baina, hori garbiago esplikatzeko, Angel Rekalde eto­rriko da Saldiasera.

Nafarroako Gobernua ere ari da gauzak antolatzen konkista haren bueltan (erakusketak, jardunaldiak...), baina, zorigaitzez, eta jakina baita, historiaren bi parte inportante ari da altxatzen joan deneko urte sailtxo batean: hizkuntza eta lurraldea. Hizkuntza baita herri baten bihotza, eta herri honen lurrak beste bost baitira Nafarroa Garaia­rekin eta Nafarroa Beherearekin batean: Zuberoa, Lapurdi, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba. Bestela esanda, armen bidez zatitu gintuztela orduko hartan, baina geroztik ez zaigula atzendu euskaldunak garela.

Hilaren 17an, 22:00etan

Herriko etxeko ganbaran izanen da hitzaldia, garagarrilaren 17an, gaueko hamarretan. Ez da deus ere ordaindu behar. Inguruko herrietakoak ere, atozte! Hi­tzaldiarekin batera, bideo bat prestatua dute, eta, zerbait jakin nahi izanez gero edo zerbaitekin ez bazaudete konforme, galdetzeko eta solas egiteko modua ere izanen da aki­tzekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun