Lapurreten aitzinean, merkatariak konponbide eske

TTIPI TTAPA 2011ko ekainaren 7a

Utzitako argazkia

Herriko saltoki, ostatu, zerbitzu-enpresa eta etxebizitzetan lapurretak ugaritzen ari dira, kasu batzuetan toki berean zazpi aldiz lapurtzeraino. Horren aitzinean, ordea­, ez de­la konponbiderik aurreikusten salatu dute Doneztebarrak merkatarien elkarteko­ kideek. «Babesgabetasunari administrazioaren eta segurtasun indarren laguntza eza gehitu behar zaio –diote merkatariek–. Segurtasun indarrek beren aktetan gertatutakoa jasotzen dute, baina aldi berean ez dela aurrerapausorik ematen eta ez dela inor atxilotzen ikusten dugu». Horrez gain, «dendari eta herritarrekiko larderia­ eta probokazio egoerak gero eta ohikoagoak direla» adierazi dute, eta honek «babesgabetasun eta bidegabekeria sentsazio handia» sortzen duela. Hala, konponbi­d­ea eskatuz, sinadura bilketa abiatu dute eta herritar eta inguruko herrietako biztanleei zuzendu zaizkie horretan laguntzeko, «administrazio, entitate eta erakundeei arazo latz honen berri emateko». Gaineratu dutenez, «herritarrok eta dendariok zergak ordaintzen ditugu, herriotan ekonomia sortzen laguntzen dugu eta herrita­rron arteko bizikidetza egokirako ekonomikoki eta sozialki parte hartzen dugu. Gu ez gara zaindu beharreko objektuak, babestu beharrekoak baizik». Bide batez, «egoera konpontzeko konpromisoak, benetako egoera ezagutzen dela ziurtatzeko jarraipena eta gauean segurtasuna indartzeko bitartekoak» eskatu dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun