Maiatzaren 25ean egin zen Beran, ELA sindikatuaren mendeurreneko erakusketa ibiltariaren aurkezpena. Beran egin zuen Nafarroako lehen geldialdia erakusketak, sindikatuak ehun urteetan egin dituen hainbat aldarrikapen erakutsiz eta eskualdean izan diren lan gatazketan ateratako argazkiekin. Egun bateko erakusketa izan zen eta Beratik Sakanarako bidea hartu zuen.
Berako agerraldian Xabier Perez Bidasoaldeko ELAko ordezkaria, Mitxel Lakuntza Nafaroako ELAko koordinatzailea eta Joxe Mari Arribillaga eskualdeko ELAko ordekaria solastu ziren. Arribillagak eskualdeko ELAren historia azaldu zuen: «eskualdeko lehen sindikatuen mugimenduak Lesakan eta Beran eman ziren. Bortzirietatik zabaldu zen ELA Malerreka eta Baztanera, 2. sektoreko enpresak sortu ahala». Enpresa ttikien egoerarekin ere kezkatua agertu zen, bereziki eraikuntzakoekin.
Perezek oraingo krisi ekonomikoaren larritasuna aipatu zuen «sindikatuek eta ELAk mende batean lortu dutena galtzeko arriskuan gaude». Eta Lakuntzak ELAren 100 urtetako ibilbidearen errepasoa egin zuen, bai Euskal Herri mailan eta bai eskualdean ere. Gaur egun, ELAk 1.000 afiliatu ditu eskualdean.