25 urte bete ditu eskualdean Arkupeak erretiratuen elkarteak

TTIPI TTAPA 2011ko ekainaren 7a

Arkupeak Elkarteak aurten egin duen azken irteera Portugalera egindakoa izan da. Argazkiko kuadrillak parte hartu zuen ateraldi honetan. Arkupeak Elkartea

Ekainaren 28an Arkupeak eguna ospatuko dute Donezteben. Herriko besten hasieran suziria pizteko ohorea izanen dute aurten.

1986an lau lagunek sortu zuten Arkupeak elkartea Donezteben. 25 urte beranduago, Nafarroako mendialdeko eta Gipuzkoako Bidasoaldeko 45 herrietako 3.000 bazkide baino gehiago ditu. Mende laurdeneko ospakizuna prestatzen ari dira ekainerako. Elkartearen sortzaileetako bat eta urtetan presidente izan den Felipe Ganboak kargua utziko du eta Pedro Bañaresek ordezkatuko du.

Mende laurden pasa da 1986. urtetik. Mende laurden pasata Arkupeak jubilatuen elkarteak bere gerizpean 3.000 bazkidetik gora ditu 45 herritan banaturik. Donezteben abiatu zen, in­guruko herrietara hazi eta zabalduz. Lau bazkideren artean sortu zenak 3.000 lagun baino gehiago biltzen ditu gaur egun. Malerrekatik, Baztan eta Bortzirietara zabaldu zen. 1992an elkartu zitzaizkien Leitzako jubilatuak. Nafarroaren iparraldeko herrietan adinekoak integratzen eta dinamiza­tzen egiten du lana, Irundik hasi eta Urdazubiraino. Adinekoen bizi kalitatea hobetu nahian.

Aktibitate ugari anto­la­tzen dituzte, horien artean gehienak bidaiak izaten dira. Egun pasako bidaiak izaten dira gehienak baina munduan ba­rrena ere ibili dira. Ber­tzeak bertze, Kuba, Estatu Batuak, Argentina eta Europako herrialdeetan barrena.

2010ean Nafarroako Gobernuak banatzen dituen ‘Nafarroako Karlos III.a Prestuaren Guru­tzea’ kondekorazioa jaso zuen egindako ibilbide eta lanagatik.

Aro berria

Garai berri baten hasiera izanen da aurtengoa. Felipe Ganboak lehendakari izateari utziko dio eta Pedro Bañaresek hartuko du lekukoa. Felipe Ganboaren lana handia izan da, ahal duen guztia egin izan du elkartearen alde. Bai taldea antolatuaz eta baita ahal zuen lekuetan diru laguntzak lortuz.

Pedro Bañaresek Arkupeak egunaren ondotik hartuko du kargu be­rria. Tarte honetan taldea eta funtzionatzeko modua ezaguten ari da. Garai berrietara egokitzea garrantzitsutzat jotzen du. «Horren arabera joanen gara gauzak alda­tzen» dio Bañaresek. Izan ere jubilatu eta pentsiodunengana ere iritsi da krisia eta diru laguntzak ere nabarmen murriztu zaizkie. Hala ere Bañaresen helburu nagusia «jubilatuek euren denbora librean zereginak izatea eta jendearen parte hartzea bultzatzea da». Horregatik segituko dute gauzak antolatzen «Ekonomikoki garai apalak datoz eta baliabide propioetara egokitu beharko dugu».

Zilarrezko ezteien ospakizuna

Hogeita bortz urte ez direnez egunero bete­tzen, besta handi eta berezia antolatu dute ekainaren 28rako. Goizean meza izanen dute San Miguel eskolako frontoian. Meza ondotik aurten 85 urte betetzen dituzten bazkideak omenduko dituzte urrezko eztaiak ospatzen dituzten senar emazteekin batera.

Luntxaren ondotik kirol erakustaldia izanen da eta aspaldiko kirolariei omenaldia eginen diete. Juan Inazio Retegi, Julian Retegi eta Elias Pierola pilotariei eta Mikel Mindegia aizkolariari. Ondotik kiroldegian bazkaria eginen dute eta bazkal ondotik Jalisko Band taldearekin euskal abestien kantaldia eta dantzaldia izanen dute.

Eguna elkarrekin pasata Doneztebeko bes­tei hasiera ematen dien suziria piztuko dute Arkupeak Elkartekoek.

ILUSIOA

«Herritik ateratzeko bidea ematen dio jendeari eta horrek ilusioa sortzen du»

Isabel ETXEBERRIA Goizueta, 61 urte

Elkarteak herritik atera­tzeko bidea ematen dio adineko jendeari eta ho­rrek izugarrizko ilusioa sortzen du. Gaztetan ez genuen horretarako aukera handirik izan eta orain aprobetxatzen ari gara, disfrutatzeko bide bat da. Niri gehien gusta­tzen zaidana elkarren arteko armonia da, elkar ezagutzeko modua eskain­tzen du. Behar bada kultur mailan herrietan kur­tsillo batzuk edo zerbait antolatzea da Arkupeak elkarteari falta zaiona. Jendeari gusta­tzen zaio, erretiratzen denean aisialdirako zerbait izatea. Etorkizun ona ikusten diot elkarteari. 3.000 sozio baino gehiago ditugu, jendea lanerako gogoarekin dago.

ZAULI ETA ANIMOSO

«Arkupeak elkartearen gimnasiari esker zauli eta animoso mantentzen gara»

Maritxu MARTIKORENA Bera, 85 urte

18 bat urte ditut Arkupeak elkartean. Gimnasiari esker zauli eta animoso mantentzen gara eta hori eskertu behar diogu Arkupeak elkarteari. Eginahalak egiten ditugu zerbaitetan aritzeko, ehoziri lanak erakusten ditut, akordeoia jotzen… Niri gimnasia gustatzen zait batez ere, astean bitan elkartzen gara eta hori hagitz gauza ona da. Ateraldi aunitz egiten ditugu, alde guzitara, eta sosak joaten dira ustekabean. Ni normalean ez naiz joaten, baina hori ere polita da. Etorkizunera begira ongi ikusten dut elkartea. Jende aunitz bada hor izena emana eta bizia baduela iruditzen zait. Ahalik eta gehiena segituko dugu.

BIDAIARIA

«Bidaia luzeetara ateratzea maite dut, aunitz ikasi eta jendea ezagutzen duzu»

Teresita BIDART Urdazubi, 55 urte

Bidaietan jendea atera­tzen gara eta horrek aunitz ematen digu. Nik maite dut bidaia luze horietara ateratzea, jende aunitz ezagutzen duzu, lagun berriak egin eta aunitz ikasten duzu. Ameriketan izan naiz, Argentinan, Kuban eta Estatu Batuetan… Hemen zaila da elkartzea, aunitz hedatu garelako. Zerbaitera apuntatu eta gero eto­rri behar duzu Doneztebera edo Elizondora. 25. urteurrenarekin aldaketa aunitz izanen da. Hasteko, Felipe Ganboak uzten du eta denborarekin ikusiko da nola segitzen dugun. Gauza ba­tzuk aldatu beharko dira, ikusiko dugu no­la egiten dugun denon artean, saiatuko gara.

GOZAMENA

«Ateraldietan nola gozatzen duten ikusita aunitz disfrutatzen dut»

Rosa MENDIBURU Elizondo, 62 urte

Elkarteak gauza pila bat ematen digu erretiratuei, ni behinpin hagitz kontent naiz egiten duenarekin. Gauza arras polita eta beharrezkoa da. Ni bidaietara ez naiz aunitz joaten, ez dutelakoz posible. Baina eguneko ateraldietan parte har­tzen dut eta aunitz disfrutatzen dut ondokoak nola gozatzen duten ikusita. Gimnasiara jendea gustora eta ilusioarekin etortzen da. 25. urteu­rreneko eguna ere polita izanen dela iruditzen zait. Gure aitzinetik lanean aritu direnek merezi dute gure errekonozimendua. Ondotik heldu garenok ere haiek egin duten hainbat egitea da gure ilusioa, baina zail izanen dugu.

BILDU ETA SOLASTU

«Jubilatuoi biltzeko eta solasteko aukera ematen digu, bestak eta bidaiak egiteko»

Mª Isabel MITXELTORENA Doneztebe, 78 urte

Arkupeak elkarteak jubilatuoi biltzeko eta solasteko okasionea ematen digu, bestak eta bidaiak egiteko… Urtero aunitz egiten dira, egun batekoak, luzeagoak… 85 urtekoei eta Urrezko Ezteiak egiten dituztenei egiten zaien omenaldiak ere aski politak dira. Gehien gustatzen zaidana bidaiak dira, baina orai ez naiz joaten. Arkupeak elkartean hainbertze he­rrie­ta­koak biltzen gara eta ezin dugu kurtsilloak eta horrelakoak egin, herri batera mugitu beharko baitzen jendea. Iruñean informatika edo jostun­gintza ikastaroak egiten dira, denak bertan bizi direlako, baina guk eremu zabala hartzen dugu eta zailagoa da.

URREZKO EZTEIAK 2011

Jose Saizar eta Teresa Telletxea (Areso); Agustin Dagerre eta Asunción Otxoteko (Bera); Jose Arrieta eta Mª Jesus Pueyo (Elgorriaga); Juan Marisko eta Mª Karmen Etxebertz (Erratzu); Jaime Lopez eta Luisa Arenaz (Irun); Juan Irazoki eta Mercedes Arburua (Zugarramurdi)

OHOREZKO BAZKIDE IZENDATUKO DITUZTE

Amaiurko Bernardo Rekalde; Arantzako Inaxi Iparragirre eta Felix Jorajuria; Arraiozko Mercedes Juanikotena; Berako Miguel Artieda, Matias Irazoki, Maritxu Martikorena, Felisa Maia, Damaso Rozas eta Lino Telletxea; Elizondoko Miguel Nuñez; Eratsungo Mikaela Barberia; Etxalarko Martin Indaburu; Igantziko Miguel Dorronsoro; Irungo Martin Andueza; Leitzako Bernardino Aierdi, Joakina Azpiroz, Hilaria Etxeberria, Demetrio Salbarredi eta Katalina Villabona; Lesakako Mercedes Zabalozuazola; Oizko Juana Anso; Sunbillako Francisca Agesta, Francisca Iriarte eta Maria Zubieta; Urdazubiko Isabel Jaimerena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun