«Gu ere euskaldunak gara eta gogo eta ilusio berarekin ari gara lanean»

G. PIKABEA 2011ko eka. 7a, 10:42

Amelia Lizasoain sortzez donamariarra da, baina Itsasun bizi da azken bi urte hauetan. TTIPI TTAPA

Sortzez Donamariakoa den arren, azken bi urteotan Itsasun (Lapurdi) bizi da Amelia Liza­soain eta Itsasuko Arrokagarai ikastolako gu­rasoa da. Ikas­tola berria da, Kanbokoa ttiki gelditu ze­nean zabaldua. Halere, oraindik ikas­tola izanen den eraikina obratan dago, eta Seaskak errentan hartutako etxe batean ematen dituzte eskolak. Pozik eta ilusioz ari dira lanean gurasoak, baina Frantziako Gobernua­ren laguntzarik gabe, gastu haundiari egin behar diote aitzin. Egoera zein den zehatzago kontatu dio TTIPI-TTAPAri.

Ikastola berria da Itsasukoa. Azaldu historia...

Kanboko ikastolak sobera haur zituen eta orduan hasi ginen mugitzen. Ber­tze ikastola bat irekitzeko­tan, non ireki aztertu zen eta haur gehienak Itsasu­koak zirela eta, Itsasun egi­tea erabaki zen. Ezpe­leta, Luhuso eta Itsasuko gurasoak bildu eta Arro­kagarai ikastola elkar­tea sortu genuen 2008­an, Itsasun ikastola bat erai­kitzeko asmoarekin. 2010­eko irailean egin genuen ama ikastolara lehen sartzea 17 haurrekin. Halere, orain dauden tokia ez da behin betiko ikastola, Seaskak errentan hartutako etxe batean baitaude eta denak gela bakar batean. Ikastola izanen den eraikin berriko obrak hasiak dira eta hurrengo urtean sartuko dira haurrak hor. SIVOM herri elkargoaren erabakiari esker sartuko dira haurrak eraikin berrian, Udalak herriko ber­tze eskolen ondoan utzitako lur eremu batean.

Zaila da ikastola aitzinera ateratzea?

Lan haundia egin behar da. Seaskatik obrak anto­latu eta finantzatzen dira baina ikastola barreneko materialak, altzariak,pin­tatu eta hori dena guk egin behar dugu gure kon­tura. Ikastola berri bat ireki­tzeari lotutako gastuez gain, ikastolako la­gun­tzailearen (ASEM) postua manten­tzeko dirua ere behar dugu. Le­hen­biziko urtean izan genuen postu horretarako lagun­tza baina aurten guk ordaindu behar dugu, eta 15.000 euroko gastua da. Horregatik diru sartze­ kanpaina bat ireki genuen. Otsailean kantaldi bat antolatu genuen, martxoan kontzertu bat eta maia­tzean besta herrikoi bat. Nafarroaren Egunean ere lanean aritu ginen. Ekainean Irukasko lasterketan lan egitea pentsa­tzen ari gara eta uztailean­ ea posible den Ezpeletako lasterketan aritzea. Ahal dugun toki guztietan lan egiten saiatzen ga­ra. Txekez edo trans­feren­tziaz diruz laguntzeko ere eskatzen diogu jendeari. 20 guraso gara eta beti dirua biltzeko lanean ari gara, baina badugu gogoa eta ilusioa.

Frantziako Hezkuntza M­i­nisterioak 2009an Seas­karekin akordioa sinatu zuen irakasleak esleitzeko...

Bai, baina irakaslegoa mu­rriztu egin dute. Egoe­ra hagitz larria da, Gober­nuak ez baditu irakasleak ematen, Seaskak ordaindu behar dituelako eta Seaskak ez du horretarako nahiko diru. Momentuz, 17 irakasle ordaintzen ditu eta ezin du gehiago eta gurasook nahiko lan badugu ber­tzela ere. Gure itxaropen bakarra Eusko Jaurlari­tza eta egiten dugun lana­ dira. Azken urtean ez da Jaurlaritzatik deus sartu, eta orain erran digute baietz, joan den urtean eman ez zutena emanen du­tela. Eta Fran­tziako Gobernutik ez da deus heldu. Ikastola guztietan 3.000 bat haur izanen dira eta laguntzarik gabe zaila da, baina ez dugu etsiko.

Lehen maila irekitzeko asmoa ere baduzue...

Heldu den urtean lehen maila ireki nahi dugu. Ez bada irekitzen, Kanboko ikastolatik aurten etorri diren ikasleek berriz ikastolaz aldatu beharko dute lehen urtea egiteko. Irekiz gero, 30 haurre­kin hasiko dugu ikasturtea eta urtean zehar, bedera­tzi haur ttiki sartuko dira. Bi zikloetako irakaskun­tza ziurtatzeko ber­tze irakasle bat behar da.

Zer eskatuko zenuke?

Jendeari Lapurdi ere hemen dagoela erranen nioke. Denak euskaldunak ga­ra, guk ere ikastolan eta etxean euskaraz egiten dugu eta gogo eta ilusio berarekin ari gara lanean. Gutaz ez ahazteko eskatuko nuke eta gu He­goaldera­ joaten garen bezala, eurek ere honat etortzeko. Denak ongi etorriak izanen dira.

IRAKASLEAK

«Frantziako Gober­nuak ez baditu irakasleak ematen, Seaskak ordaindu behar ditu eta Seaskak ez du nahiko diru»

GASTU HAUNDIA

Gastu haundiei egin behar diete aitzin Ipar Euskal Herriko ikastolek. Itsasun, ikastola berria martxan para­tzearen gastuez gain, irakasle lagunt­zailea gurasoek ordaindu behar dute. Infor­ma­zio gehiagorako: itsasuko-ikastola@­oran­ge.­fr

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun