Azken orduko aldaketarik ez bada, erabakita dago nor izanen diren alkateak

TTIPI TTAPA 2011ko eka. 7a, 10:18
Hauteskunde eguna Etxalarren. TTIPI TTAPA

Larunbatean eginen da kargu hartzea

Maiatzaren 22ko hauteskundeek mapa politiko berria azaleratu dute gure eskualdean eta nagusitasuna Bilduk bereganatu du nabarmen, bai Nafarroako Parlamentura (eskualdeko botoen %40,41 eskuratuta) eta bai Bildu aurkeztu den udalerriei begira ere.

Herriz-herri, larunbatean, hilak 11, hartuko dute kargua alkate eta zinegotziek. Baina Arano, Bein­tza-Labaien, Dona­maria, Elgo­rriaga, Ituren eta Urro­zen, sei hilabete barru izanen dute hauteskundeen bigarren deialdia, ho­ne­tan ez baita ze­rren­darik aurkeztu.

Baztan

Duela lau urteko datuekin alderatuz, igo egin da partehartzea, %62,5­etik %72,14­ra. UPNk baino 37 boto guttiago lortu­ ditu Bilduk eta bosna zi­nego­tzi izanen dituzte. NaBaik­,­ aldiz, gain­be­he­ra nabarmena izan du eta zinegotzi bakarra lortu du. Ezkerra taldea da ordezkaritza izanen duen hirugarren indarra, bi zinegotzirekin. Boto gehien UPNk izan arren, baliteke alkate­tza Bilduren­tzat izatea, Ez­kerrak edo Na­Baik­ bere alde egiten badute, noski.

Bertizarana Andres Etxenikeren taldeak galdu egin du alkatetza Bilduren mesede­tan eta horrela, Antonio Erregerena izanen da alkate larunbat honetatik aitzinera. Duela lau urte zerrenda bakarra izatetik hiru izaterako aldaketak partehartzea igo egin zuen (%70­ekoa izan zen) eta aurten ere, bi zerrendekin, igo egin da: %72,33koa izan da.

Bortziriak

Hauteskundeen aitzinetik, jakina zen Aran­tzan­ zein izanen den hu­rrengo alkatea: Bilduren izenean aurkeztutako Jaime Iturria. Partehartzea altua izan ohi da Aran­tzan baina aurten duela lau urteko %84,20­tik 72,58ra jaitsi da.

Beran ere Bilduk lortu du nagusigoa, baina zinegotzi kopuru berdina eskuratu du Aralarrek ere, 60 boto guttiagorekin. EAJk aitzineko agintaldiko bi zinegotziei eutsi die eta lehen aldiz aurkeztu den UPNk zinego­tzi bat eskuratu du. EAJk Aralarko Marisol Tabernaren alde bozkatuko duela iragarri du eta, beraz, bera izanen da alkate. Par­tehar­tzea %64,84koa izan da.

Etxalarren bortz ze­rrenda aurketu ziren eta hiruk lortu dute zinego­tzi­ren bat: Herri Taldeak eta Independenteek hiruna eta Etxalar Aitzinerak bat. UPNk eta PPNk ez dute zinegotzirik lortu partehartzea altua izan den hauteskunde hauetan (%81,25). Talde bakarrarekin, Igantzin ere jakina da zein­ izanen den alkate. %72,53ko partehar­tzea­ izan duten hauteskunde hauen ondotik, Lourdes Ibarluzea (Herri Tal­dea) izanen da alkatea.

Lesakan EAJk galdu egin du historikoki izan duen nagusitasuna eta Bildu gailendu da, sei zinegotzi eskuratuta. EAJk, berriz, bortz izanen ditu. Hurrengo alkatea, beraz, Bilduko Pello Etxabide izanen da. Partehartzea %71,52koa izan da.

Leitzaldea

Aresoko alkatea (talde bakarra aurkeztuta) Areso Eraikiz-eko Ur Algero izanen da. Lehia­rik ez izateak partehar­tzea jaitsi egin du 2007ko hauteskundeekin konparatuz. Orduan, EAE-ANV legez kanpo utzita, CDN eta Areso Eraikiz sartu ziren lehian eta partehar­tzea %84,43koa izan zen eta aurten, %72,57koa.

Goizuetako alkatea Bilduko Pablo Miranda izanen da, aurkeztutako talde bakarraren zerrendaburua, alegia. Duela lau urte, lau botoko aldeak erabaki zuen alkate­tza EAE-ANV eta Elkarta­sunaren artean. Lehenak eskuratu zuen. Baina aurten lehiarik gabe irabazi du Bilduk, eta partehar­t­zea 73,87koa izan da.

Leitzan ere Bilduko Oier Eizmendi izanen da alkate, 11 zinegotzietatik 9 Bildurentzat izan baitira, bertze taldeei alde nabarmena ateraz. Beste biak­ Silvestre Zubitur (DNE-NEE) eta Jose MIguel Goikoetxea (UPN) izanen dira. Partehartzea %71,38koa izan da.

Malerreka

Donezteben EAk eskuratu ditu bederatzi zinegotzietatik zortzi (Miguel San MIguel izanen da alkate) eta kanpoko jendearekin osatua egon arren, PPNk zinegotzi bat erdietsi du. 2007an baino bi boto gehiago eskuratu ditu EAk, eta 107 PPNk. Parte-hartzea %68,41ekoa izan da.

Eratsunen igo dena partehartzea izan da. Duela lau urte partehar­tze ttikienetako bat izan zuen (%43,25) baina aurten %61,29raino igo da. Talde berria aurkeztu da eta horietan Francisco Ma­ri Retegi izan da boz­ka­tuena. Baina zerrenda irekia izaki, hautagaiek bota­keta eginen dute alkatea izendatzeko.

Ezkurra da hauteskundeotan parte­har­tzerik eskasena izan duen eskualdeko he­rria:%53,75ekoa. Duela lau urteko taldeak segitu­ko du lanean eta botorik gehien Julian Gogor­zak eskuratu ditu. Baina alkatea hautagaien botaketarekin erabakiko da. Oizen azken hiru agintalditan alkate izan den Alberto San MIgelek batu ditu boto gehien, baina partehartzea hagitz ttikia izan da: %59,35. Zerrenda irekia denez, hautagaein esku dago alkatearen izendapena.

Saldiasen igo egin da aurten partehartzea, %57,89tik 73,04ra. Hautagaietatik gehienak be­rriak dira eta horietan boz­ka­tuena Jacinto Domin­guez izan da. Hautagaien artean erabakiko da zein izanen den alkate.

Sunbilla da partehar­tze eskasa izan duen bigarren herria: %59,16­koa. 2007an, EAE-ANV legez kanpo utzi­ta, EA eta Sunbilda­rrak taldeen artean bana­tu ziren udal karguak (6 EAk eta 1 Sun­bil­­darrak). Aurten, Bildu baino ez da aurkeztu eta honen buru Amets Inda.

Zubietan, duela lau urte ez zen zerrendarik aurkeztu, baina honetan bi sartu dira lehian: Patxi­ku Mitxelena orain­go alkatearen taldea eta Jose Jabier Juanikorenarena. Lehenbizikoak lortu du nagusitasuna, partehar­tzea %79,92koa izan den hauteskunde hauetan.

Xareta

Urdazubin ez dira gauzak aldatu. Urtxume eta Azkar taldeen arteko lehian, azken hau izan da nagusi, duela lau urte baino 14 boto gehiago esku­ratuta. Hortaz, Santiago Villaresek segituko du alkatetzan. Partehartzea altua izan da aldi honetan ere, %89,78koa.

Zugarramurdin Evaristo Mentaberri izan da bozkatuena baina ze­rrenda irekia denez, hautagaieen esku dago alka­tea nor izanen den erabakitzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun