Urtero bezala, ikasturtea bukaerarekin batera Nafarroako Bertso Eskolek beren eguna ospatu zuten, Larraintzaren. 50 bat haur eta gaztetxo elkartu ziren larunbatean bertako eskolan, eta giro onean eman zuten egun osoa.
Goizean, 14 urte arteko Nafarroako Eskolarteko Bertsolari txapelketa egin zen eta bigarren urtez Maialen Lopez lesakarrak lortu zuen txapela. Bigarren sailkatua Doneztebeko Beatriz Maritorena izan zen. Bi bertsolari gazteok Nafarroako ordezkariak izanen dira ekainaren 18an Agurainen egin den Euskal Herriko txapelketan.
Bazkalondotik, hainbat jolas egin zituzten bertso eskoletako kideek. Aurtengo Bertso Eskolen Eguna Oskar Estanga bertsolari eta musikariak girotutako dantzaldi batekin akitu zen.
Helduen Bertso Eskolen Eguna larunbatean Lekunberri eta Astizen
Nafarroako Bertso Eskoletan ari diren helduek ere beren eguna izanen dute ekainaren 11n, larunbatean, Bota Eguna. Bigarren aldiz ospatuko den ekimen honetan –iaz egin zen lehena, Iruñean- Lekunberrin eta Astizen elkartuko dira Nafarroako Bertso Eskoletako kideak.
Lekunberriko Bertso Eskolak egitarau oparoa prestatu du: mendi txangoa, bertso poteoa, musika emanaldia, performancea…