Etxalarko XIX. Gasna Feria ospatu zen ekainaren 5ean, igandea, herriko plazan. Artisauen feriak ere ez zuen hutsik egin eta herriko trikitilariek alaitu zuten plaza ingurua. Urtero bezala gasna lehiaketa egin zuten, eskualdeko 17 gazta lehiatu ziren. Josetxo Ariztegi etxalartarrak lortu zuen lehen postua. Iazko garaipena errepikatzea lortuz. Lehen saria irabazteaz gain, Etxalarko gasna onenaren saria ere irabai zuen.
Bigarren saria Urdazubiko Etxelekua gasnategiko Ana Mari Bengoetxeak lortu zuen eta hirugarrena Baztangoa Kooperatibako Jose Maria Iriartek. Etxalarko gasnarik onenaren sarian Isidro Ariztegik eskuratu zuen bigarren saria.
Egun osoan Andremari elkarteko emakumeen eskulanen erakusketa izan zen ikusgai Kultur Etxean. Goizean argazki erakusketa ere egon zen elizako arkupean eta haurrentzako malabare eta bitxigintza tailerrak ere izan ziren. Eguraldia lagun jende aunitz bildu zen Etxalarko plazara.