14 urte arteko Nafarroako Eskolarteko Bertsolari txapelketaren finala larunbatean jokatuko da Larraintzarren

TTIPI TTAPA 2011ko ekainaren 3a

Iaz bezala, aurten ere Larraintzarren bilduko dira Nafarroako bertso eskolak. Artxiboko argazkia

Nafarroako Bertso Eskolen Egunaren barrenean eginen da

Joan den asteburuan 14 eta 18 urte artekoan Josu Sanjurjo lesakarra nagusitu ondotik, larunbat honetan, ekainaren 4ean, 14 urte arteko Nafarroako Eskolarteko bertsolari txapelketaren finala jokatuko da, goizeko 11:30etik aitzinera Larraintzarreko ikastetxeko aretoan. Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatu du ekitaldia, Ultzamako Euskara Zerbitzuaren laguntzarekin.

Eskualdeko bertsolari ugari

Guzira 12 bertsolari ariko dira eta horien artean eskualdeko gaztetxoek ordezkaritza zabala izanen dute. Joan den urteko txapelduna, Maddalen Lopez lesakarra, Doneztebeko Beatriz Maritorena, Igantziko Enaitz Telletxea eta Maiana Sein eta Leitzako bortz ordezkari, Joanes Ilarregi, Beñat Altzelai, Saioa Mateorena, Xabat Ilarregi eta Oier Altzelai ariko dira kantari. Beraiekin batera, Beriozarko Unai Muro eta Manez Mailharin eta Iruñeko Amaiur Gindeo izanen dira lehenbiziko fasean. 4 oinak emanda bertso bana, gaia emanda bertso bana eta hitza emanda bertso bana osatu beharko dute.

Lehen faseko galbahe horretatik sei gaztetxo pasatuko dira bigarren fasera eta horretan gaia emanda bertso bana eta zortziko ttikian bina bertso kantatu beharko dituzte. Iker Gorosterrazu iturendarra izanen da aurkezlea eta Nerea Bruño eta Xabier Terrerosek osatuko dute epaimahaia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.

Egin TTIPI-TTAPAren lagun