Txokor biltzea, ingude altxatzea, txinga eramatea, harri-altxatzea, lasto-altxatzea, orga jokoa eta zaku lasterketa. Zazpi modalitate horiexetan ari dira Iparraldeko Joko Torneoan parte hartzen ari diren kirolariak. Ekainaren 5ean, igandean Urdazubin jokatuko den probarekin hasiko da Nafarroako Herri Kirol Federazioak hamekagarren urtez antolatutako txapelketako lehia eta gero bertze bi jardunaldi eginen dira: ekainaren 12an Berroetan 18:30etik aitzinera jokatuko dena eta uztailaren 3an Betelun, 18:00etan hasita eginen dena. Probak banakakoak dira eta guztira hiru liga sistema erabiliko da. Koxkor biltzen bortz lehenbiziko sailkatuek Nafarroako txapelketarako txartela lortuko dute.
Eskualdeko partehartzaileak
Txokor biltzen Fernando Etxegarai (Bera), Andoni Lasaga (Etxalar), Unai Iantzi (Aniz) eta Mikel Iantzi (Elizondo) ari dira. Ingude altxatzen, Lazaro Bujan (Leitza) eta Patxi Baraibar (Leitza). Txingekin, lau leitzar: Miguel Angel Sukuntza, Josetxo Urrutia, Lazaro Bujan eta Patxi Baraibar. Harri altxatzen Josetxo Urrutia (Leitza) eta Xabier Ariztegi Santxin (Etxalar) eta lasto altxatzen bikoteka ariko dira Iñaki Bereau eta Eneko Telletxea (Igantzi), Karlos Sein eta Arkaitz Retegi (Igantzi) eta Oskar Telletxea (Igantzi) eta Xabier Galarregi (Etxalar).