1.110 langabetu zeuden eskualdean maiatz hondarrean

TTIPI TTAPA 2011ko eka. 3a, 12:21

Doneztebeko Enplegu Bulegoan apirilean baino 38 langabetu gutxiago daude izen emanak

Langabetu kopurua pixkanaka jausten ari da eskualdean udaberri honetan. 1.110 langabetu zeuden maiatz hondarrean Doneztebeko Enplegu Bulegoan izena emanak, apirilean baino 38 guttiago (%3,31ko jautsiera). Maiatzean zehar 385 kontratu gauzatu dira Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez eta horietatik 46 izan dira mugagabeak.

 

Gazteenen artean, langabezia goiti

Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtez goitiko gizasemeen artean beheiti egin du langabeziak, 499tik 471ra jautsi baita langabetu kopurua maiatzean, eta adin tarte horretako emakumeen artean 521etik 495era jautsi da. 25 urtez beheitikoen artean aldiz goiti egin du langabeziak. Adin tarte horretako emakumeetan 50etik 56ra eta gizasemeetan, 78tik 88ra igo da.

Lan arloei dagokienez, zerbitzuen arloak jarraitzen du langabe gehien izaten. Halere, maiatzean 696tik 671ra jautsi da. Industria arloan ere jautsi egin da 206tik 192ra. Eraikuntzan ere jautsi da, apirileko 151tik maiatzeko 144ra. Nekazaritzan, aldiz, bi lagun gehiago daude lanik gabe, 23, eta aitzinetik lanik egin ez dutenen artean ere, 80 lagun daude langabezian, apirilean baino 6 gehiago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun