Osasunako Bortzirietako Gorriak peñak eta Errealeko Genaro Taldeak ibilaldi arautua antolatu dute ekainaren 5erako. Elkarlanean antolatutako proba igande goizean eginen da eta bikoteka izanen da. Eskualdeko bi taldeek elkarrekin antolatzen duten lehen ekintza da hau.
Ibilaldi honek berezitasunak izanen ditu. Ez baitu lehena iristen denak irabaziko. Bikote guztien denborekin bataz-bertzekoa eginen da eta denbora horretara gehien hurbiltzen den bikotea izanen da irabazlea. Berako Alkaiagako frontoian hasi eta Lesakan amaituko da ibilbidea. Lehenengo bikoteak 08:30ean eginen du irteera.
Izen ematea 6 euro ordaindu beharko da bikoteko. Lesakako Koxkila eta Berako Xuga ostatuetan eman daiteke izena ekainaren 4ko, larunbata, arratsaldeko laurak baino lehen. Hala ere, egunean bertan egonen da izen emateko aukera, 08:00etatik proba hasten den arte. Irteera ordena erabakitzeko orduan lehentasuna izanen dute aurrez apuntatu diren bikoteek.
Ibilbidean zehar indarrak hartzeko bi postu egonen dira eta helmugan luntxa eskainiko zaie parte hartzaile guziei. Irabazleek txapela eta oroigarriak jasoko dituzte.
Ibilbidearen xehetasunak http://genarotaldea.blogspot.com helbidean ikus daitezke.