Malerrekako Euskara Batzoredeak antolatuta maiatzaren 28an, larunbata, hizkuntza eskubideei buruzko tailerra eginen da Donezteben. Herriko liburutegian izanen da 11:00tatik aitzinera eta irekia da, parte hartu nahi duen jende guztiarentzat dago zabalik. Ordu eta erdiko tailerra izanen da eta hizkuntz eskubideen jabetasunaren kontzientzia hartzeko eta horrekin batera, hizkuntz eskubideen urraketen aitzinean egin daitekeenaz hausnartzeko izanen da.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiko arduraduna den Garbiñe Petriatik gidatua. Behatokia Euskal Herriko herritarren hizkuntza-eskubideez arduratzen da eta eskubide horiek Euskal Herri osoan bermatzera zuzentzen du bere jarduera. Tailerra irekia izanen da, eta joan nahi duenak agertu bertzerik ez du egin behar.
Tailerrean atal hauek landuko dira: munduko hizkuntz aniztasuna eta hori deusezten ari den prozesu globalizatzeaz ohartarazi; munduko hizkuntzen egoerari begirada bat eman; Euskal Herriko legeek aitortzen dituzten eskubideak ikusi; hizkuntz eskubideen inguruko hausnarketa egin adibide praktikoen bidez; Behatokiaren lan ildoak ezagutarazi eta hizkuntz eskubideen urraketak salatzeko tresna den Euskararen Telefonoaren berri eman.