Igande honetan, maiatzak 29, erabakiko da zein izanen diren Eusko Label Banakako Aizkolarien urrezko mailako bi finalistak. 12:00etatik aitzinera, Leitzako Amazabal pilotalekuan bi finalerdi jokatuko dira: alde batetik, Azurmendi eta Lopez Azpilikueta ariko dira eta bertzetik, Aitzol Atutxa II.a eta Jon Rekondo leitzarra. Bi finalerdietan garaile ateratzen direnek lortuko dute finalerako txartela. Final haundia Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatuko da ekaineko bigarren asteburuan.
Jon Rekondok finalerako txartela eskuratzen badu, hiru izanen dira Banakako Aizkolari Txapelketako finalean ariko diren leitzarrak. 15 urtez azpikoetan Mikel Zabaletak finalerako txartela eskuratua du dagoeneko eta 19 urtez azpikoetan Eneko Saralegik ere bai. Finalean aritzeko aukera ziurtatua duen eskualdeko bertzea Oihan Larretxea beratarra da. 23 urtez beheitikoetan ariko da.
Igande honetan, Atutxa II.a urrezko mailako finalerdietatik kanporatua baldin bada, 23 urtez azpikoen finala jokatuko du Larretxearen kontra. Aldiz, finalerako sailkatzen bada, Ander Erasun aurtiztarra eta Aratz Mugertza III.a (Olatz-Mutriku, Gipuzkoa) lehiatuko dira 23 urtez azpikoen finala jokatzeko.