Bilduk erabateko arrakasta eskuratu du eskualdean

Ttipi-Ttapa 2011ko maiatzaren 23a

Etxalarren UPN eta PPk ez dute zinegotzirik lortu. Herri Taldeak 205 boto eskuratu ditu, Independienteek 160 eta Etxalar Aintzinerat taldeak 98

Seguru ditu jada Arantza, Bertizarana, Goizueta, Leitza, Lesaka eta Sunbillako alkatetzak eta ekainaren 11n argituko dira Baztan eta Berakoak

Maiatzaren 22ko hauteskundeek mapa polítiko berria azaleratu dute gure eskualdean eta 2007an NaBaik zuen nagusitasuna orain Bilduk bereganatu du nabarmen, bai Nafarroako Parlamenturako erdietsi dituen emaitzei dagokionez eta baita Bildu aurkeztu den udalerrietan eskuratutako emaitzei dagokionez ere.

Maiatzaren 22ko hauteskundeek mapa politiko berria azaleratu dute gure eskualdean eta 2007an NaBaik zuen nagusitasuna orain Bilduk bereganatu du nabarmen, bai Nafarroako Parlamenturako erdietsi dituen emaitzei dagokionez eta bai Bildu aurkeztu den udalerrietan eskuratutako emaitzei dagokionez ere.

Parlamenturako botoen %40,41 eskuratu du Bilduk eta aukerarik bozkatuena bilakatu da. NaBaik 2007an eskuratu zituen botoen erdiak baino gehiago galdu ditu eta, zalantzarik gabe, orain arte erdietsitako emaitzarik txarrenak eskuratu ditu hauteskunde hauetan. UPN eta PSN dira hirugarren eta laugarren indarrak gure eskualdean. Bi alderdi hauek ere botoak galdu dituzte 2007ko emaitzekin konparatuta.

Udaletako mapa ere nabarmen definitu da Bilduren alde. Eskualdeko 8 udalerritan aurkeztu ditu zerrendak eta zortzi udalerri horietatik zazpitan bera izan da aukerarik bozkatuena eta Baztango kasuan, alderdi nagusia den UPNtik 37 botora gelditu da. Gauzak horrela, jada seguru ditu Arantza, Bertizarana, Goizueta, Leitza, Lesaka eta Sunbillako alkatetzak eta ekainaren 11n ikusiko da zein izanen diren Baztan eta Berako alkateak hurrengo agintaldian.

Baztango mapa politikoa irauli du Bilduk

UPNk baino berrogei boto inguru gutiago eskuratu ditu Bilduk bai udal hauteskundeetan zein Nafarroako Parlamenturako bozetan. NaBai, aldiz, hustu egin da eta 2007ko udal hauteskundeetan 1.931 boto izatetik orain 388 izatera pasatu da. Parlamenturako bozetan ere galera izugarria izan du Baztanen eta 1.116 boto galdu ditu. PSN-PSOEk ez du lortu zinegotzi bakar bat ere eta Florentino Goñi buru duen Baztango Ezkerrak 2 zinegotzirekin konformatu beharko du 817 boto eskuratu ondotik.

Gauzak horrela, ekainaren 11n abiatuko den agintaldi berria honelaxe osatuko da:

• UPN:            5 zinegotzi

• Bildu:            5 zinegotzi

• Ezkerra:        2 zinegotzi

• NaBai:           zinegotzi 1

Datu hauen argira, boto gehien eskuratu dituen alkate gaia UPNko Begoña Sanzberro bada ere, litekeena da Garbiñe Elizegi Bilduko zerrendaburua izatea Baztango alkatea hurrengo agintaldian, baldin eta, Ezkerrak edo NaBaik haren alde egiten baldin badute ekainaren 11n.

Bortziriak: Lesakan Bilduk eskuratu du alkatetzea eta Beran litekeena da Aralarrek eskuratzea, bigarren indarra izan arren

Lesakan EAJ-PNVk galdu egin du historikoki izan duen nagusitasuna eta Bildu gailendu da bai Parlamenturako zein udalerako bozetan. Hartara, Bilduk 6 zinegotzi izanen ditu agintaldi berrian eta EAJ-PNVk 5. Hurrengo alkatea, beraz, Bilduko Pello Etxabide izanen da.

Beran ere Bilduk lortu du nagusigoa bai Parlamenturako zein udalerako bozetan. Udalerako, ordea, zinegotzi kopuru berdina eskuratu du Aralarrek ere 60 boto gutigorrekin. EAJ-PNVk aurreko agintaldian zituen 2 zinegotziei eutsi egin dio eta lehen aldiz aurkezten zen UPNk lortu du zinegotzi bat. Eta, ageri denez, ekainaren 11n litekeena da Aralarreko Marisol Taberna izatea alkate EAJ-PNVren botoekin.

Etxalarren, 5 zerrenda aurkeztu dira udalerako eta bakarrik hiruk lortu dute zinegotziren bat: Herri Taldeak 3 zinegotzi (205 boto), Independienteek 3 zinegotzi (160 boto) eta Etxalar Aitzinerak zinegotzi bat (98 boto). UPNk eta PPNk ez dute zinegotzirik lortu. Parlamenturako hauteskundeetan, aldiz, Bilduk eskuratu du gehiengoa eta bigarren indarra NaBai izan da.

Arantzan eta Igantzin talde bakarra aurkeztu denez Udalerako, jakina da zein izanen diren agintaldi berriko alkateak: Jaime Iturria (Bildu) Arantzan eta Mª Lourdes Ibarluzea (Herri Taldea) Igantzin.  Parlamentuko datuei dagokionez, bai Arantzan zein Igantzin Bildu nagusitu da.

Leitzaldean Bilduk eskuratu du gehiengo osoa

Agintaldi berri honetan, Leitza eta Goizuetako alkateak Bildukoak izanen dira, Oier Eizmendi eta Pablo Miranda, hurrenez hurren. Leitzari dagokionez, 11 zinegotzietatik 9 Bildukoak izanen dira. Beste biak Silvestre Zubitur, (DNE-NEE) eta Jose Miguel Goikoetxea (UPN). Goizuetari dagokionez, Bildurena da aurkeztutako zerrenda bakarra. Areso Eraikiz taldeko Ur Alguero izanen da Aresoko alkatea (talde bakarra aurkeztu da Areson) eta Aranon udal hauteskundeetan talderik aurkeztu ez denez, hemendik 6 hilabetera izanen dute udal hauteskundeak berriz egiteko deialdia.

Parlamenturako hauteskundetan, Leitza, Goizueta, Areso eta Aranon ere Bilduk eskuratu du gehiengo osoa (botoen %66a). NaBaik sekulako boto galtzea izan du. 2007an 1.111 eskuratu zituen eta orain 372 eskuratu ditu. Nabarmena da ere UPNren boto galtzea. Talde erregionalistak 318 boto lortu zituen 2007an eta 2011n 31 baino ez ditu eskuratu. Silvestre Zubiturren taldeak (DNE-NEE) aldiz 112 boto eskuratu ditu

 

Bertizarana eta Malerreka: Parlamenturako bozetan Bildu da lehen indarra NaBairen aitzinetik

Parlamenturako bozetan Bilduk lortu du botoen % 41 eta NaBaik gehiengoa galdu du. 2007an NaBai zen Bertizarana eta Malerrekako koaliziorik bozkatuena. Udal hauteskundeei dagokionez, Bertizaranan Andres Etxenikeren taldeak galdu egin du alkatetza Bilduren mesedetan. Horrela, bada, Antonio Erregerena izanen da Bertizaranako alkate ekainaren 11tik aitzinera. Donezteben EAk eskuratu ditu 9 zinegotzietatik 8 (Miguel San Miguel izanen da alkate) eta PPNk zinegotzi bat erdietsi du. Sunbillan Bilduko Amets Inda izanen da alkate (talde bakarra aurkeztu da) eta Zubietan Patxiku Mitxelenaren taldeak 5 zinegotzi izanen ditu eta Eutsik 2. Beintza-Labaien, Donamaria, Elgorriaga, Ituren eta Urrozen hemendik 6 hilabetetara izanen dute udal hauteskundeak berriz egiteko deialdia.

Aipatu, azkenik, Legasa, Narbarte eta Oieregiko kontzejuetan ere hautagairik aurkeztu ez denez, bigarren deialdi bat izanen dutela.

 

 

Urdazubin UPN nagusitu da eta Zugarramurdin NaBai

Nafarroako Parlamenturako bozetan UPNk eskuratu du gehiengoa Urdazubin NaBairi 2007an zuen nagusitasuna kenduz baina, Zugarramurdin ordea, NaBaik eutsi egin dio lehendik zuen gehiengoari. Udal hauteskundeei dagokionez, gauzak ez dira aldatu ez Urdazubin eta ez eta Zugarramurdin ere.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun