Sarako Izarra Errugbi Taldeak Euskal Herriko I. Errugbi Txapelketa antolatu du. Maiatzaren 28an, larunbata, jokatuko da. Herrialde bakoitzetik talde batek jokatuko du eta zazpi horiei etxeko taldea gehituko zaie Sarako Izarra taldea. Txapelketa arrunt batetik haratago Euskal Herriko zazpi lurraldeak errugbiaren inguruan bildu nahi dituztela gaineratu dute antolatzaileek.
Errugbi txapelketa aitzaki hartuta Euskal besta sustatu nahi dute. Egunean zehar giroa alaitzeko Kuxkuxtu txaranga ibiliko da herrian zehar. Arratsean zikiro jatea izanen da eta ondotik kontzertuak Zutik taldearekin eta DJ Valporesekin.
Seaskako Integrazio Batzordearen alde izanen dira etekinak. Batzorde honek dituen urritasunean lagundu eta haurren integrazioa hobetzeko helburuarekin. Frantziako Hezkuntza Nazionalak ez baititu bere gain hartzen ikasle horiek beharrezkoak dituzten laguntza guztiak.
Parte hartuko duten taldeak:
Bizkaiatik Getxo
Arabatik Gaztedi
Gipuzkoatik Hernani
Lapurditik Azkaine eta Sara
Nafarrotik Baztan
Behe Nafarrotik Donapaleu
Zuberoatik Mendikota
Bi multzotan banatuko dira, eta haien artean ligaxka jokatu eta gero, lehen biak finalerdietarako sailkatuko dira, eta ondotik finalerako.