Herriko 73 gaztek parte hartu zuten Gerra Zibilean

Fernando ETXEBERRIA 2011ko maiatzaren 17a

Udal artxiboan 36ko gerrako datuak aztertu dira

Udal artxiboan dokumentazio zabala dago Ezkurrak Gerra Zibilean izan zuen parte hartzeari buruz.

1936ko uztailaren 21ean, altxamendu militarretik hiru egunera, Udala bildu egin zen eta mendian eta herri sarre­ran zaintzaileak para­tzea erabaki zuen, «Gipuzkoatik gorriak etor­tzen baziren badaezpada ere». Arma eta munizioekin kamioi bat zuten. Susmagarririk ikusiz gero, tiro egin behar zuten, herritarrei abisua emanez.

29an bisita izan zen herrian: guardia zibil bat, errekete bat eta falangista bat etorri ziren eta errepublikar bandera bi kolorekoarekin ordezkatu zuten.

Abuztuaren 2an Udala bere osotasunean eskolara joan zen eta Errepublika garaian kenduak izan ziren gurutze ikurrak berriz paratu zituen.

Abenduaren 31n alkateak oharra bidali zien agintariei, hiru hilabete baino gehiagoz frentean egon ziren boluntarioek domina jasotzeko eskubidea zutela esanez.

22 boluntario izan ziren, horietako 21 erreketeak eta bat falangista. Datu pertsonalak eta borroka egin zuten konpainia ere ageri dira. Gerora 51 gazte gehiago mobilizatu ziren.

Artxiboan dauden datuen arabera, hemeretzi zauritu izan ziren, hiru elbarriak eta zor­tzi hilak.

560 biztanleko he­rritik 73 lagun joan ziren gerrara, ia gazteria guztia, eta horrez gain, armadak, ospitaleak eta elkartasun kanpainak mantentzeko kopuru haundiei egin behar izan zien aurre herriak. Etxe gehienentzako sarraski haundiak izan ziren. Hala, 1936ko abuz­­­tuan, armadaren­tzako lehenengo dohainak bidali ziren, eta horien artean, Udalaren 500 eta apaizaren 100 pezetak.

Beranduago, diruaz gain, bestelako ondasunak ere igorri ziren Lekaroz eta Iruñeko ospitaleetan zauden erreketeentzat: oilaskoak, gazta, arkumeak, un­txiak, arraultzak... Ekarpen hauek ez dira batere konparatuak 1936­ko azarotik 1939ko maia­­tzera mantendu ziren plater baka­rre­ko egun eta postrerik ga­be­­ko asteko egun ospe­tsuekin. Gobernu zibilaren zir­kular baten arabera, pertsona guztiek astero diru kopuru bat eman behar zuten, janari plater bat eta postrearen baliokidea. Propagandaren arduradunek kaudimen moral ezagunekoak izan behar zuten, eta herritar guztiek emandako diru kopurua apuntatu behar zuten, eta norbaitek laguntzarik ematen ez bazuen edo laguntza mu­rriztuz gero, eta ez justifikatzekotan, isuna jartzeko ardura zuen.

Denborarekin, gainera, bilketak behera egin zuen eta horrek protesta ofiziala eragin zuen, eta horren arrazoiak zein ziren argitzeko eskatu zuten.

1939ko martxoaren 30ean, gerra bukatzen ari zela jakitun, Udalak biharamunean meza ospatzea erabaki zuen eta Udala, osotasunean, banderarekin joan zen. Arratsaldean, txistu eta danbolin soinuekin mokadua eskaini zitzaien herritarrei.

Azkenik, maiatzean udaletxeko pleno aretoan banketea eman zuen gerran parte hartu zuten guztientzat. Menua ere aipagarria da, gosea eta miseria haundiko garaiak baitziren: haragi zopa, eltzekaria, legatza, arkumea txilindron erara, krema, kafea, kopa eta Cadenas anisa.

Bitxikeriak

Bada Udalak gerran ibilitakoekin eduki zuen­ aipatzeko detaile bat ere. Alejandro Etxebe­rriaren kasua da. Herri­lurretatik egurra hartu zuen eta 50 pezetako isuna jarri zioten. Baina aberria salbatzeko bo­rroka egindakoa zela-eta, isuna murrizteko eskatu zion Udalari. 10 pezetatara jaitsi zioten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun