Herriko gazteek antolatuta, maiatzaren 21ean, larunbatarekin, bertso-antzerki afaria izanen da. Bertan Sustrai Colina bertsolari urruñarra eta Ander Lipus aktorea ariko dira. Gai jartzaile lanetan Unai Elizasu altzarra izanen da.
Bertso saio berezia izanen da. Erregea eta bufoiaren arteko norgehiagoka izaten baita. Errege papera bertsolariak hartzen du, bera baita hitzen erregea, Ander Lipus aktorea, berriz, hainbat pertsonaiaren paperean sartuko da, hala nola Juan Junda, Ignatius, Manex Dominitxine, Euxebio Egaña, Jerry Always...
Sustrai Colina bertsolariak ofizio lagun desberdin horiekin abesten asmatu beharko du Unai Elizasuk jarritako gaiekin. Tokian tokiko gaiak jartzen ditu Elizasuk. Beraz, seguru Donamaria eta inguruko gaiak eta pertsonaiak ere izanen direla tartean.
Bertsolariarentzat lan bikoitza izaten da. Antzerkia bera inprobisatua izaten baita eta ez baitu kantulagunik izaten saioan zehar. Giro bikain eta umoretsua paratzen saiatuko dira Erregea, Bufoia eta Zaldun gai jartzailea.
Gaupasa
Saioaren ondotik, gaupasa izanen da Agerralde akordeoilariarekin. Afarirako txartelak Herriko Ostatuan egon dira salgai, 30 eurotan. Maiatzaren 10a zen erosteko azken eguna.