Mendi ateraldia egin zen apirilaren 23an. Urradi mendira goratu ginen herritar batzuk bertze batzuen artean. Hiru taldetan banatuta abiatu ginen Urradi aldera: emakumezkoak alde batetik, 40 urtetik gorakoak bigarren taldean eta 40 urtez azpiko gizonezkoak azken multzoan. Multzo bakoitzetik lehendabiziko ailegatu zirenek sariak eskuratu zituzten. Kategoria bakoitzeko irabazleak hauetxek izan ziren:
Emakumezkoetan, Edurne Huizi eta Arantxa Etxeberria elkarrekin ailegatu ziren. 40 urtetik gorakoetan, Javi Escalada ailegatu zen lehena eta 40 urte azpitiko gizonezkoetan, Iñaki Telletxea.
Garaileek urdaiazpikoa, bina txorizo eta egun horretako Ittur-Ondo elkartean egin genuen bazkaria eraman zuten sari moduan. Menua hainbesteko fama duten herriko eltzari gorriak, bildotsa txilindron erara eta kostillak izan zen. Postrerako mazedonia eta herriko gazta. Arratsaldean mus txapelketa izan zen; hainbat bikotek hartu zuen parte eta horien artean irabazleak Jacinto Etxekolanea eta Jose Luis Lekunberri izan ziren.
Eguraldi paregabea izan genuen eta 40 bat lagun juntatu ginen. Egun arrunt polita, bai horixe! Ea heldu den urtean horrelako zerbait antolatzen den berriz!