Hiru urteko debekuaren ondotik berriz ere libre da amuarrain arrantza

Aitor AROTZENA 2011ko maiatzaren 11

Izokin arrantzarako denboraldi ona izanen dela uste dute arrantzaleek. Aitor AROTZENA

Ezarritako baldintzekin kexu dira arrantzaleak

Hiru urtez amuarrain arrantza debekatua egon ondotik, maiatzaren 1etik ekainaren 30era zabalik dago denboraldia. Halere, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak jarritako mugekin kexu dira arrantzaleak, gehienez 5 egun baitituzte arrantzarako.

Hiru urteko debekuaren eraginez, amuarrain kopurua bikoiztu egin dela jakinarazi du Nafa­rroako Gobernuak. 2007an Hektareako 1.635 amuarrain zenbatu zituzten eta 2010ean, Hektareako 3.347 amuarrain. Hain zuzen, maila «normala» kontsideratzen da, kopuru hori 2.000 eta 4.000 amuarrainen artean dagoenean. Horregatik, maiatza eta ekainean 27.966 arrantza-pase emanen dituzte Nafarroako mendialdeko erreketan arrantza egiteko. Horietatik 9.732 Baztan-Bidasoalderako izanen dira eta horietatik 1.936, e­rreka bazterreko herrietako bizilagunentzat izanen dira. Urumea-Oria ibarretan, berriz, 4.667 baimen emanen dira.

Maiatzaren 1etik ekainaren 30era arrantzatzen ahal da, asteartetan izan ezik. Beraz, arrantzarako 52 egun izanen dira, baina arrantzale bakoitzak gehienez 5 baimen eska­tzen ahal ditu telefonoz edo Internet bidez eta eguneko hiru amuarrain baino gehiago ezin izanen ditu eraman. 20 zentimetro baino guttiago edo 35 zenti­metro baino gehiago dituzten amua­rrainak erre­ka­ra bueltatu behar dira.

HERIOTZ GABEKO ARRANTZAZ

Iruñetik bultzatu nahi den arrantza modua heriotz gabeko arrantza dela eta inguruko arrantzaleak ere ez daude sobera konforme. Berako Ehiza eta Arrantza Elkarteko Juan Otamendiren ustez, «heriotz gabeko arran­tzaren aldekoek egun osoan errekan ibili nahi dute, lepora bitarteko katiuskekin erreka erdi-erditik joaten dira eta gibeletik datorrenak, noski, ez du deus ere arran­tzatzen. Gainera, pasa­tzen diren tokitik xomo­rro eta intsektu guziak, amuarrainen janaria hil­tzen dute. Gero e­rreka­ren salbatzaileak direla erranen dute. Lehen gehienez ere 5 metroko kainaberak izaten ziren eta errekaren erditik zebilen amuarrainak bazuen salbatzeko aukera. Gaur egungo metodoekin ez dute salbaziorik. Uso ehizara kainoiarekin joatea bezala da». Elizondoko Elkarteko Joseba Morenoren ustez ere, heriotz gabeko arrantza ez da beti heriotz gabekoa izaten. «Zuk hartzen ahal duzu 20-30 amuarrain eta itzultzen direnetatik 10-15 igual hil eginen dira, zauriengatik. Denek ez dakite amua arrainari minik egin gabe nola atera, traketsagoak direlako nolanahi botatzen dute erre­kara. Teknikoek konprobatu dute abuztuan, adibidez, eskuetan ibiltzen den amuarraina ezkatak galtzen dituela eta berriz ere urera bueltatu eta biharamunean hil egiten direla» aipatu digu.

IZOKIN DENBORALDIA ONA IZANEN DELAKOAN

Izokin denboraldiari dagokionez, 2010ean erre­kan goiti joan diren izokinak kontuan hartuz (500 inguru), aurten 39 izokin arrantzatzeko baimena eman da (iaz 20 izokinekin itxi zen denboraldia). Sasoia maia­tzaren 1ean ireki zen eta uztailaren 17ra arte izanen da, edo bertzenaz, 39garren izokina arran­tzatzerakoan itxiko da. Juan Otamendi izokin arran­tzalea da batez ere eta baikortasunez begiratzen dio hasi berri den denboraldiari. «Joan den urtean 145 izokin sartu ziren Bidasoan eta 20ko muga jarri zuten, baina aurten aisa gehiago sartu dira, 462 izokin zenbatu dituzte Funverako presan. Berako errekan dozena batek errun du, horiek guk kontatuak, gero hil direnak. Denboraldi ona izanen dela uste dut, baina hau ez da ma­te­­matika garbia. 500 izokin daudenean 80 arran­tzatuta ere ez da deus gertatzen, arazoa dator hiru izokin izan eta hiruak arrantzatzen direnean. 1982an ez zen izokin alerik atera eta hurrengo urtean 35 atera ziren. Natura horrela da, gu baino askoz jakintsuago» aipatu digu Otamendik.

Juan OTAMENDI | Bera

«Udan iturri eta erreka frexkoetako ura kentzen badiogu, Bidasoa ibaia hiltzen ari gara»

«Amuarrain arrantzari dagokionez, eza­rri duten eredua ez da batere egokia eta arrantzale gehienek ez dugu onartzen. Baimena eskatzeko modua ez da batere erosoa, eta erreka bazterrean bizi den arran­tzaleak Internet bidez egin behar izatea ez dago ongi. Gure belaunaldiko jendearen­tzat urrats handiegia da hori. Hiru urteko debekuaren ondotik, egunero arrantza egiteko aukera izan behar dela uste dugu, zizarearekin edo amuki naturalarekin, beti egin den bezalaxe. Orain, amuki artifizialarekin hasi da denboraldia eta maiatzeko azken igandetik aitzinera utziko dute amuki naturala erabiltzen. Gure aitzinakoak e­rrekatik atera dituzte, bertze arrantza mota artifizialak inposatuta. Bertze soluzio aunitz proposatu ditugu arrantzaleok: Bidasoko zenbait zatitan debekualdia manten­tzea, baina gainerako zatietan arrantzatzeko aukera izatea, adibidez. 35 kilometroko erreka dugu eta laurden batean debekatuta eta gero, hori kontrolatu, neurtu eta ikusiko litzateke nola errekuperatzen den eremu ho­rretan amuarraina. Eta arrantzatu gabe ere errekuperatzen ez bada, bertze neu­rri ba­tzuk aztertu beharko lirateke. Berez daukan aberastasuna kentzen ari gara e­rrekari. Itturriak kentzen dizkiogu etxerako erabiltzeko, baina bertze neurri batzuk bilatu behar dira. Bidasoak baino 3-4 gradu gu­ttiago izaten duten itturri eta errekak dira. Udan ur frexko hori kentzen badiozu, Bidasoa ibaia hiltzen ari zara. Errekaren tenperatura 24 gradura igo­tzen bada arrain guziak hilko dira.

Joseba MORENO | Elizondo

«Hirugarren mundukotzat gaituzte arrantzatzen ditugun amuarrainak jan nahi izateagatik»

«Sistema hau arrunt gaizki ikusten dugu, ez da batere zuzena. Internetera konekta­tzeko ere, Arizkunen, Erratzun eta Amaiu­rren Mega 1 jarri dute eta Iruñean 50 dituzte. Hemengo jendeak ez du hiriburukoa bezala Internet erabiltzen, haurrek eta adinekoek batez ere. Iruñean, azalpenak ematerakoan, erraten ziguten gaur egun zinerako sarrerak ere Internetez ematen direla eta nik erantzun nien Baztanen ez dagoela zinerik ere. Egun guttiago arrantzatzea izaten ahal da soluzio bat eta astean sei egunez egin beharrean hirutan izatea arran­tzarako eskubidea, eta nahi duenak gan, bere lizentziarekin gatea. Internetek arazo ugari sortzen ditu, aunitzetan ttikikeria batengatik ezin duzulako baimena atera. Hor barnean lanean nola ari den ikustea lotsagarria da. Baztanen debekua baino lehenagotik ere amuarrain aunitz baziren, suer­te hori badugu, baina hemen bakarrik irekia utziz gero jende guzia honat etorriko zela aipatu zuten Ingurumen Departamentutik eta horregatik hemen ere itxi egin zen. Beraz, gure aitzinakoek hemen lana ongi egin dute eta saritu ordez, zigortu egiten zaie. Eta orain, ireki den moduan irekitzea… Iruñean ez dute ulertzen gu mendian bizi garela, erreka ondoan, ttikitatik ibili garela arrantzan eta hirugarren mundukotzat har­tzen gaituzte errekako amuarrainak jan nahi ditugulako. Beraiek heriotz gabeko arran­tzaren aldekoak dira eta hor dugu eztabaida. Gure ustez, heriotz gabeko arrantza ez da beti heriotz gabekoa, errekara itzultzen direnetatik aunitz hiltzen baitira».

Joxe Ramon JIMENEZ | Goizueta

«Hauteskundeei begira hartutako neurria da eta heldu den urtean berriz ere debekatu egingo dute»

«Orain hauteskundeak datoz eta antolatu duten sistema berri honekin zerbait egin dutela erakutsi nahi dute. Beraiek emandako datuen arabera erreken egoera hobetu egin da, baina azken finean ez da egia. Gure erreketan amuarrain kopuru berdintsua da, hor ez da amuarrain populazioa igo. Bost baimen emateko sistema ere ez da egokia. Horiek eskatzeko Internetez edo telefonoz ibili beharra, nahasteko bidea da, batez ere adinekoentzat eta gaztetxoenentzat. Erdaraz igual ez dira moldatzen eta hasi zaitezte, telefonoz hi­tzegiten edo ordenagailuarekin borrokan. Gainera epeak izaten dira eskatzeko eta bost baimen horiek, bakoitza bere tenorean eskatzen ez bada, galdu egiten da ustekabean. Gero hor dute aitzakia esateko, beraiek aukera eman dutela bost eguneko baimena eskuratzeko eta arrantzaleak ez duela aprobetxatu. Heldu den urtean berriz ere debekatu egingo dutela irudi­tzen zait. Nere ustez erabat ireki beharko litzateke eta hobeki gestionatu, guarda gehiago jarriz, distantziak mantenduz, birpopulatuz… Gogoekin hartu behar da arazoa eta moldatzeko bidea jarri, egiazko soluzioa bilatu. Hori tentsio altuarekin medikura joan eta honek ez jateko esatea bezalaxe da. Horretarako ez noa medikura! Hamabost egun bakarrik ireki behar bada, hamabost egun, baina horietan badakigu denentzat irekia dela. Baina aste honetatik honetara bi permiso eskatzen ahal dira, hemendik honara beste bi, asteburu bat bakarra… Denak trabak dira».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun