Espainiako Auzitegi Konstituzionalak aintzat hartu du Bildu koalizioak aurkeztutako babes helegitea, eta beraz, maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetan izanen da. Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zituen Bilduren zerrendak, baina Konstituzionalak gibelera bota du Gorenaren ebazpena. Horrenbertzez, eskualdean aurkeztu diren talde guztiek izanen dute hauteskundeetan parte hartzeko aukera. Aurkezten utzi izan ez baliote, airean geldituko litzateke Arantza, Goizueta eta Sunbillako udala, horietan Bildu baino ez baita aurkeztu. Horietaz gain, Bera, Lesaka, Bertizarana, Leitza eta Baztanen aurkeztu da Bildu.
Talde bakarra
Eskualdeko hamar herritan hautagaitza bakarra izanen dute hauteskunde hauetan eta hori da Arantza, Areso, Goizueta, Eratsun, Ezkurra, Igantzi, Oiz, Saldias, Sunbilla eta Zugarramurdiren kasua. Hortaz, hauteskundeen aitzinetik jakina da nola osatuko den udalbatza. Arantzan Jaime Iturria izanen da alkatea, Areson Ur Alguero, Goizuetan Pablo Miranda, Igantzin Lourdes Ibarluzea eta Sunbillan Amets Inda. Eratsun, Ezkurra, Oiz, Saldias eta Zugarramurdin zerrendak irekiak dira eta maiatzaren 22an jakinen da.
Zerrendarik ez
Sei herri dira zerrenda osatu ezinik gelditu direnak: Arano, Beintza-Labaien, Donamaria, Elgorriaga, Ituren eta Urroz. Urri aldera eginen den bigarren deialdiaren esperoan egon beharko dute, beraz. Horrez gain, kontzejuetako hauteskundeak ere orain tokatzen dira, baina Bertizaranan, ez Oieregin, ez Narbarten eta ez Legasan ere ez da hautagairik aurkeztu.
Bortz zerrenda
Zerrenda aukera zabalarekin ere badira udalerriak eta horixe da Baztan, Bera eta Etxalarren gertatu dena. Bortz zerrenda baitituzte hautesleek. Laurekin daude Leitza eta Lesaka. Bi talde Bertizarana, Doneztebe, Urdazubi eta Zubietan izanen dituzte. Zubietan 2007ko maiatzeko hauteskundeetan zerrendarik aurkeztu ez bazen ere, aldi honetan bi egin dira.
UPN-PPN-PSN
Hiru alderdiok lehen aldiz aurkeztu dute zerrenda herri batzuetan. Batzuetan herriko jendea badago ere, gehienetan kanpoko jendearekin osatu dituzte zerrenda osoak.
Epeak
Maiatzaren 6an zabaldu zen hauteskundeetako propaganda egiteko epea eta hilaren 20ra arte izanen da aukera. Maiatzaren 22an 09:00etatik 20:00etara egonen dira hautestontziak zabalik eta hortik aitzinera eginen dira zenbaketak. Postaz botoa eman nahi dutenek, berriz, maiatzaren 12a izanen dute eskaerak egiteko azken eguna eta 18rako bidalia izan beharko dute. Ekainaren 11n hartuko dute kargua alkate berriek.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!