Maiatzaren 4ean, asteazkena, hasiko da 39. Bidasoa Txirrindulari Itzulia. Maiatzaren 5, 6 eta 7ko etapak eskualdetik pasako dira. 18 taldetako 177 txirrindulari abiatuko dira.
Maiatzaren 4ean izanen da lehenego etapa. Irunen hasiko da eta Hendaian bukatuko da. Etapa honetan txirrindulariak Gipuzkoan barrena ibiliko dira.
Bigarren etapak, maiatzaren 5 ortzeguna, Hondarribian izanen du hasiera eta bukaera. Txirrindulariek Irun pasa ondotik, Berarako bidea hartuko dute Sunbillara joateko. 15:15 aldera aurrikusten da Sunbillara iristea. Sunbillatik, Narbartera eta bertatik Ziga alderantz joanen dira. 15:44 aldera hirugarren mailako mendatea igo beharko dute Zigan. Zigatik Iruritara joango dira, hemendik berriz ere Narbarteko bidea hartuko dute, Sunbillatik pasaz Berara 16:38tan iristeko. Beratik Behobia aldera joango dira, Irun eta Lezo pasatuz Jaizkibel igo beharko dute. Behin Jaizkibel igota Hondarribira jaitsi eta bertan amaituko da etapa.
Hirugarren etapa maiatzaren 6an, ortziralean, izanen da. Irungo Ola Sagardotegian izanen du etapak hasiera arratsaldeko 14:30etan. Ibarlatik Bera aldera hartuko dute txirrindulariek, 14:50ak aldera izanen dira Beran. Bertatik Doneztebe aldera joanen dira 15:20 aldera. Doneztebetik Saldias aldera joanen dira Elgorriaga eta Iturenen barrena. Arratsaldeko 15:30ak aldera izanen dira Iturenen Saldiasko 2. mailako mendatea igotzeko. Beintza Labaienen 15:48etan pasako dira, Urrotzen 16:00tan eta berriz Donezteben 16:15 aldera, Sunbillara bidea hartzeko. Malerreka atzean utzita Irun aldera joanen dira San Martzialgo gainean etapa bukatzeko.
Azken etapak ere eginen dio Bortziriei bisita. Maiatzaren 7ko, larunbata, etapak Irungo Kolon Pasealekuan izanen du hasiera. Oiartzunerako bidea hartuko dute txirrindulariek eta bertatik Aritxulegi, lehen mailako mendatea, igo beharko dute. Aginako Gainean 15:40 aldera izanen dira, hau ere lehen mailako mendatea da. Lesakako Plaza Zaharrean 15:55ean izanen dira eta Lesaka atzean utzita Bera pasa eta Erlaitz mendatea izanen dute zain 16:34 aldera. Azken etapa hau Irungo Kolon Pasealekuan amaituko da.
Informazio gehiago nahi izanez gero www.vuelta-bidasoa.com helbidean dago eskuragarri.