«Eskubide guztien alde, iIlegalizaziorik ez!» izenburupean elkarretaratzeak egin ziren maiatzaren 3an herriz herri, Auzitegi Gorenak Bilduko zerrendak hauteskundeetan parte hartzeko debekatzeko hartu duen erabakiaren kontra protesta egin eta hauteskundeetan parte hartzeko duen eskubide aldarrikatzeko.
Errate baterako, Lesakako Plaza Zaharrean Bilduko zerrendakideek kontzen zuten pankartaren gibelean ehun bat lagun elkartu ziren, tartean maiatzaren 22ko hauteskundeetara aurkeztuko ez diren Onin udal taldeko kideak eta hauteskunde horietarako Lesakan PSNko zerrendaburu izanen den Carlos Aitor Yuste ere. Hauteskundeetan aukera guziek parte hartzeko eskubidea aldarrikatu zuten.
Baztango Ezkerraren oharra
Florentino goñi zerrendaburu izanen duen Baztango Ezkerrak ere bere ezadostasuna agertu du Auzitegi Gorenaren erabakiarekin. Estatu espainola bere baliabideak erabiliz giza eskubideak nabarmen urratzen ari dela eta, “izugarri larritzat” jo dute Bilduri gertatutakoa eta Baztango Ezkerraren ustez, “garbi geratzen da Auzitegi Gorenak emandako erresoluzioa, dezisio politiko hutsa dela”.
Baztango Ezkerrak bere ezadostasuna eta atsekabea adierazi du, “ez dagoelakoz eskubiderik gure gizarteko sektore haundi bati bere eskubide demokratikoak urratuak izan direlako” eta zenbait galdera luzatu ditu: “Akaso lehen legaltzat jotzen zituztenak, orain ez dira?; akaso PP eta PSOEko zerrendak garbiak al dira? Hau al da demokrazia?”. Bildu koalizioarei bere laguntza eta animoak emanez akitzen du idatzia Baztango Ezkerrak.
Gehiengo sindikalak elkarretaratzea deitu du ortziralerako
Bilduren ilegalizazioaren aurka protesta egiteko gehiengo sindikalak mobilizazio eguna deitu du maiatzaren 6rako. Baztan-Bidasoaldean Berako Herriko Etxeko Plazan eginen da kontzentrazioa, ortziral goizeko 11:30ean.