Doneztebeko merkatariak karrikara aterako dira larunbatean eta asteburu osoan pintxo lehiaketa eginen da

TTIPI TTAPA 2011ko apirilaren 29a

Larunbatean karrikara aterako dira Doneztebeko komertzioak. Artxiboko argazkia

2.000 euroko erosketa txartelaren zozketa eginen da larunbat arratsaldean

Apirilaren 30ean gurekin gelditu. Horrela eskatu dute Doneztebarrak elkarteko merkatariek, udaberriarekin batera eta urteroko hitzorduari hutsik egin gabe, larunbat honetarako antolatu duten Merkatariak karrikan ekimena dela eta. Izan ere, larunbat honetan, egun osoan euren produktuak erakutsi eta salgai edukiko dituzte Santa Luzia plazan. 10:00etatik 19:30era egonen dira merkatariak karrikan. Horrekin batera, musika ere izanen da eta 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara betiko jokoak ere bai. Azken hau Ameztia ostatu/hostalaren eta Bertiz BTTren laguntzarekin antolatu dute.

20:00etan zozketaren txanda izanen da. Saridunak maiatzaren 7an gastatu beharko du 2.000 euroko balioa duen erosketa txartela. Denda bakoitzean 180 euro gastatu ahal izanen ditu.

Egun berean eta biharamunean, maiatzak 1, pintxo lehiaketa eginen da. Herriko ostalariek irudimena landuz euren onena aterako dute jendeak dasta dezan. Aurtengoa laugarren aldia izanen da. Euro baten truke, pintxoa eta Inurrieta upategiko ardoa dastatzeko aukera izanen da, baita pintxo onenaren aldeko botua emateko ere. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun