Artzain amerikanoen besta igande honetan eginen da Sunbillan

TTIPI TTAPA 2011ko apirilaren 29a

Lur azpian egositako ogia eginen da aurten ere Ameriketan ibilitako Sunbillako artzaiek. Artxiboko argazkia

Goizean meza eta eguerdian bazkaria eginen dituzte

Ameriketan ibilitako artzainak igande honetan bilduko dira, 1987. urtetik egiten duten Amerikanoen besta ospatzeko helburuarekin.

Aurten, maiatzaren 1a igandearekin tokatzen dela aprobetxatuz, 11:00etan meza izanen da, Ameriketan hil diren hemengo edo han ibili eta hemen hil diren artzainen omenez. Aurten bereziki bi izanen dituzte gogoan, Kalifornian berriki hil diren Joakin Ganboa eta Juan Agesta.

Mezaren ondotik, 13:30 edo 14:00 aldera, bazkaria eginen dute Ariztigain kanpinean. Orain arte Ulibeltzak elkartean egin izan dute otordua baina aurten obrak egin beharrak direla-eta, kanpinean egitea erabaki dute.

Jesus Mari Jorajuriak azaldu digunez, 35 bat lagun bilduko dira, gehienak herritarrak, baina baita Baztan, Ultzama eta Iturendik etorritako bortz lagun ere. Kopurua urtetik urtera murrizten joan dela kontatu digu Jorajuriak, hasi zirenean «aunitz gehiago» zirela erranez. Ameriketan eta hemen bizi diren herritarren kopurua ere berdindu dela adierazi digu: «lehen han gehiago ziren, baina orain kopuru berdina gara han eta hemen».

 

Lurrazpian egindako ogia

Ameriketako ohiturari eutsiz, lurrazpian egositako ogia jateko aukera ere izanen dute igandean, bezperan edo egunean berean egindakoa, etxeko gaztarekin. Nahi duenarentzat, berendu-afaria ere eginen da kanpinean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun