Espainiako Auzitegi Gorenak Bildu koalizioak Euskal Herrian aurkeztutako 254 zerrendak debekatu egin ditu, maiatzaren 2ko goizaldean hartutako erabakian. Erabakia ez zen ahobatez hartu eta Bilduk Auzitegi Konstituzionalean errekurtsoa jarriko duela aipatu du. Epaitegi honek maiatzaren 6rako hartu beharko du azken erabakia, orduan hasiko baita hauteskunde kanpaina.
Konstituzionalak Auzitegi Gorenaren erabakia berresten badu, Nafarroako Parlamenturako Bilduren zerrendaz gain, eskualdeko zortzi herrietako Bilduren zerrendak debekatu eginen dira: Arantza, Bera eta Lesakakoak Bortzirietan; Sunbillakoa, Bertizaranakoa, Baztangoa, Leitzakoa eta Goizuetakoa.
Aipatzekoa da Arantzan, Sunbillan eta Goizuetan Bilduko zerrenda bakarrik aurkeztu dela hauteskundeetara eta beraz, alkaterik gabe eta Herriko Etxeko lan taldea osatu ezinik geldituko lirateke hiru herri hauetan.
Bertze aldetik, Nafarroan zenbait hautagaitza independiente ere inpugnatuak zeuden, tartean Etxalarko Herri Taldearena, baina Auzitegi Gorenak baimena eman dio hauteskundeetan parte hartzeko.
Maiatzaren 3an, asteartea arratsaldeko 20:00etan kontzentrazioak deituak daude herriz herri Bilduk hauteskundeetan parte hartzeko duen eskubidearen alde, “Eskubide guztien alde, ilegalizaziorik ez!” lemapean.
Baztango NaBai 2011ren oharra
Baztango Nafarroa Bai 2011k gaitzetsi egin du Auzitegi Gorenak Bilduren zerrenda guztiak, eta bereziki Bildu Baztanen hautagaitza ilegalizatu izana. Baztango Nafarroa Bai 2011k ohar bidez agertu duenez, "arras kezkaturik" agertu da egoera honen aurrean, "herritarren eskubide zibil eta politikoen bertze urraketa honek normalizazio politikoa zailtzen duelako, bakerako bidean trabak jarriz". Idatziak dioenez, "onartezina da honek sortzen duen salbuespen egoera sistema demokratiko baten baitan". Bere konbikzio demokratiko sakonetan oinarritua, Baztango Nafarroa Bai 2011ko taldeak aldarrikatu du "aukera politiko guztiek hauteskundeetara aurkezteko duten eskubidea, herritarrak, beren botoaren bidez, izan daitezen proiektu politikoak onartzen edo arbuiatzen dituzten bakarrak". Hau guztia dela eta, Baztango Nafarroa Bai 2011k bere elkartasuna adierazi dio Bildu Baztan hautagaitzari eta gorako instantzia judizialek oraingo erabaki hau bertan behera utziko dutenaren itxaropena adierazi du.