Txaruta taldeko Mikel Pernaute pilotari narbartearrak irabazi du Nafarroako lehen mailako buruz buruko paleta goma txapelketa. Apirilaren 20an Iruñeko Lopez pilotalekuan jokatutako finalean 30-23 irabazi zion Amaya taldeko Jose Mari Erbururi.
Lehia ikusgarria eskaini zuten bi pilotariek. Erburu hasi zen dominatzen, baina bere abantaila murriztu zuen Pernautek eta hainbat berdinketa egin zituzten (11-11, 12-12, 13-13 eta 14-14). Orduan, Pernautek tantu pare bateko abantaila hartu zuen (23-21), bere baliabide tekniko bikainak erakutsiz. Hortik aitzinera, Txarutako pilotaria gehiago izan zen eta 29-21eraino joan zen markagailuan. Erburuk bertze bi tanto lortu zituen, Pernautek behin betikoa lortu aitzinetik.
Bigarren mailako txapelketan, Lopez pilotalekuko bi pilotari izan ziren aurrez aurre eta Etxeberriak 30 eta 14 irabazi zion Astrain-i.