Beroa, hotza eta euria. Denetarik ezagutu dugu aurten. Apirilean, erraterako, bero haundiak egin ditu, termometroa 30 gradutara ailegatzeraino. Urtarrilean hotz haundia egin zuen, 8 gradu zeropetik tartean. Eta gogotik euria egiten ere ikusi dugu otsailean. Horrelako datuak dira estazio meteorologikoek egunero egunero biltzen dituztenak.
Han eta hemen, batekin eta bertzearekin, betiko eztabaidagaia izaten da eguraldia. Iragarpenei ere arretaz erreparatzen die jendeak eta hori da Euskalmet edo Aemet-ek –Euskal eta Espainiako Meteorologia Agentziak– egiten duten lanaren ageriko emaitzetako bat. Baina horrelako agentziek datuak eman ditzaten, kolaboratzaile talde zabala dago gibelean eta isilpean lan egiten duen aunitz. Nafarroan, erraterako, 152 estazio meteorologiko daude. Batzuk Nafarroako Gobernuaren esku daudenak, eta bakarren bat, Aemet-ena dena. Automatikoak dira batzuk, Baztango Gorramendi mendian (1991n instalatua eta 1.071 metrotara dagoena), Iruritan (2008az geroztik dagoena, Aemet-ena dena eta 183 metroko altueran dagoena) edota Donezteben (1999tik eta 125 metrotara) daudenak bezala. Egunean zehar hamar minuturo biltzen dituzte datuak: haizea, hezetasuna, prezipitazioak, tenperatura maximoak eta minimoak, erradiazioa... Eta telematika bidez bidaltzen dituzte datuak.
Baina bertze batzuetan, eskuzkoetan, betiko metodoak erabiliz eguraldiaren inguruko datuak biltzen dira egunero-egunero, euri kopurua publiometro batekin eta tenperatura maximoak eta minimoak termometroekin. Datuak bildu eta Nafarroako Gobernuari jakinarazten dizkiote eta horri esker ditugu eskura azken urte eta momentuko datuak.
Nafarroan dauden 88 eskuzko estazio meteorologikoetatik 16 daude eskualdean, gehienak 70. hamarkadatik aitzinera instalatuak, baina bakarren bat lehenagotik ere bai: Amaiurren (1974an paratua eta 300 metrotara), Areson (1988koa eta 524 metrotara), Arizkunen (1976koa eta 261 metrotara), Goizueta aldean dagoen Arranbide zentralean (1976koa 313 metrotara), Artikutzan (1931koa eta 97 metrotara), Beran (1979koa eta 50 metrotara), Bertizen (1992koa eta 147 metrotara), Donezteben (1917koa eta 125 metrotara), Etxalarren (1988 eta 163 metrotara), Goizuetan (1950ekoa eta 323 metrotara), Iruritan (2007koa eta 183 metrotara), Leitzan (1986koa eta 668 metrotara), Lesakan (1979koa eta 76 metrotara), Lesakako San Antonen (1981ekoa eta 305 metrotara), Sunbillan (1990ekoa eta 117 metrotara) eta Zugarramurdin (1976koa eta 97 metrotara).
2011ko datuak
Estazio meteorologikoei esker dakigu, aurtengo egunik hotzena urtarrilaren 24a izan dela. Egun horretan, Gorramendin, 8,6 zero azpitik neurtu zituen termometroak, eta Iruritako eskuzko estazioan zortzi gradu zeropetik. Tenperatura altuenak, aldiz, Beran, Arizkunen, Goizuetan, Iruritan eta Donezteben neurtu ziren. Apirileko lehenbiziko egunetan bero haundia egin zuen, eta hilaren 7an Beran, tenperatura 31 gradutaraino ailegatu zen; Doneztebeko eskuzko estazioan 30,9 gradu neurtu ziren eta Arizkunen, Goizuetan eta Iruritako eskuzkoan 30 gradu.
Orain arte 2011ko egunik euritsuena otsailaren 22a izan da. Euri aunitz egin zuen egun horretan eta prezipitazio gehien bildu ziren tokiak Artikutza, San Anton eta Arranbide zentrala izan ziren. Arranbiden, egun horretan 149,6 litro neurtu ziren m2ko; San Antonen 149,3 litro/m2ko eta Artikutzan 145,5 l/m2ko. Egun horretan, euririk guttien egin zuen tokiak Doneztebe eta Lesaka izan ziren. Doneztebeko eskuzko estazioan 57,8 l/m2ko neurtu ziren eta automatikoan 65,2 l/m2ko. Lesakan, berriz, 65 l/m2ko.
«Azken 30 urteotan gehien kanbiatu dena elurra da, orai gutiago egiten du»
85 urterekin, baserrian duen behi bakarra jeitzi eta etxetik metro gutti batzuetara duen estazio meteorologikora joaten da Arizkungo Landaberro baserriko Xalbador Iriarte, 08:00 aldera. Publiometroan zenbat euri egin duen eta termometroetan tenperatura maximoak eta minimoak zein diren biltzen ditu eskuan apuntatuta, gero Nafarroako Gobernutik deitzen diotenean horien berri emateko. Azken 30 urteotan egunero egin du lan hori, eta badu segitzeko asmoa. Eguneroko dedikazioa izanagatik, ez omen da lan haundia: «lana baino gehiago oroitzea da. Etxe ondoan ibiltzen gara, ez dugu inorat gan beharrik eta niretako ez da lana», dio. Gaineratu digunez, «ezin izan dudanean, semea edo andrea gan izan da».
30 urte hauetan ez tenperaturan eta ez prezipitazioan ere, ez omen du aldaketa haundiegirik somatu: «lehen ere aski urte idorrak egiten zituen, eta orai ere klase berean. Eta tenperaturarekin ere berdintsu». Zerbait aldatu baldin bada, hori elurrarekin nabaritu du: «gehien kanbiatu dena elurra da, orai gutiago egiten du. Aspaldixkoko urteotan gero eta gutiago egiten du. Mendietan bai, baina hemen beheiti ez [etxea 261 metrotara du]. Gan den neguan ere behin egin zuen, baina deus ere ez, doi-doian lurra tapatzeko. Gu gazteak ginenean, bozpasei zentimetro sorik egiten zituen eta urte batean 80 zentimetro ere bai».
Omendua
Nafarroan hiru baino ez dira 30 urtez lan hori egin dutenak, eta horietako bat da Xalbador. Hainbertze urtetan egindako lana eskertzeko, omenaldia jaso zuen martxoaren 17an Iruñeko Planetariumean. Pozik hartu zuen saria, eta gainera, Nafarroan hobekien egiten duenetako bat dela aditu ondotik, oraindik kontentuago.