Julio Sotok (Gorriti, 1987) Nafarroako Bertsolari Txapelketa bigarren aldiz irabazi zuen, apirilaren 9an Iruñean egin zen finalean. Saio ederra egin zuten taulara igo ziren zortzi bertsolariek eta Labriten egon zen giro ederrak lagunduta, bertsolaritzaren festa handia izan zen finalekoa. Izan ere, 1.300 bertsozalek lepo bete zuten hiriburuko pilota plaza. Finala Sotoren eta Xabier Silveira lesakarraren arteko buruz burukoan erabaki zen, duela bi urte bezala. Oraingoan, Gorritikoa txapeldun.
Nola ikusi zenuen zure burua bertsotan, finaleko giroa…
Beldur pixko bat nuen nerbioek nola erantzungo zidaten, baina egun ona pasatu nuen. Aldarte ona nuen.
Duela bi urteko buruz burukoaren errebantxa espero zuen bertsozaleak. Zuek ere?
Gure izenak entzutean bioi gogoratu zitzaigun. Duela bi urtekoan olatu horretan sartu nintzen eta pixko bat deskontzentratuta poto bat egin nuen eta aurten pixka bat hotz mantendu behar nuela pentsatu nuen.
Halere, azkeneko kartzelakoan arriskatu ere egin zenuen, bederatzi puntukoan Munduaren ilunabarra doinua erabiliz…
Kartzelakoan arriskatu beharra neukala ikusi nuen, desenpate batean, Labrit bertsozalez lepo, merezi zuen arriskatzeak. Neurri horretan bapatean gutxitan aritu naiz eta bertso eskolan ere pare bat aldiz, baina atzetik animatu ninduten Terrerosek eta, eta ongi atera zen.
Iaz Silveirak ez zuen txapelketan parte hartu.Erronka hori ere bazenuen, bera oholtza gainean izanik ere txapeldun izan zintezkeela erakustea?
Erronka gisara ez, baina denok dakigu Xabier zer bertsolari eta txapeldun handia den. Bera finalean izanik nik irabaztea meritu plus bat da.
Soto eta Silveira Nafarroako bertsolaritzako Barça eta Madril direla ere aditu genuen erdi broman erdi serio. Gainerakoek bertze liga bat jokatzen dutela. Horrela ikusten duzu zuk ere?
Ez zait iruditzen. Lehengoan ikusi zen maila oso politeko saioa izan zela. Estitxuk kriston saioa egin zuen, denak ere saio polita egin zuten. Puntuazioak ez ditut ikusi baina nahiko paretsuan joan zen kontua. Duela hogei urte horrelako mailako final bat Nafarroan pentsaezina zela ere erran zuen Bertsozale Elkarteko presidente ohiak… Nafarroan bertsoaren mailak asko egin du gora, bai bertsolarienak, baita bertsozaleenak ere. Bertsozaleak ere asko ugaritu dira eta bertsolari guziek nahiko final polita egin genuen. Bale edo kale, kale edo bale, baina bukatu dadila bukatu zenuen azken bertsoa.
Lau orduz oholtzan izan ondotik zure egoera ere agertzen du horrek?
Gaia entzun nuenean gu ere egoera berdinean geundela pentsatu nuen. 21na ginela eta gu ere txapelaren bila azken tantua jokoan genuela eta sentsazioa ere hori zen, aurrera edo atzera, baina bukatu dadila hau. Sufritu ere egiten da. Nahiko luze egiten da eta zaila izaten da tentsioari eta kontzentrazioari eustea, kartzeleko bi gai lantzea, baina merezi du.
Iaz baserritarrari, aurten sufritzen dagoenari. Txapela eskaintzerakoan ere aukera berezia egin duzu bi urteotan…
Bai, ez dira eskaintza ohikoak izan, baina txapela jantzita izaten den euforia hori sufritzen dutenekin banatu nahi nuen aurten. Gurean sufritzen ari den jende asko dago eta inguruan ere horrelako egoera bereziak bizitzea suertatu zait eta jende horrekin gogoratu naiz.
Hemendik bi urtera BECeko buruz buruzkoan ere hitzordua jarri zizun Silveirak…
Hori ezinezkoa dela aitortu zuen berak Hitzetik Hortzeran. Errealista izan behar da eta Euskal Herriko txapelketarako sailkatu egin behar da lehenik, eta gero finalerdietan sartzea ere zaila da. Saiatuko gara eta horretarako entrenatuko dugu, baina hankak lurrean izanda.
ZIKLO BATEN AMAIERA
«Ez dakit erabakia dagoen, baina txapelketa bi urtetik egiteko asmoa dago eta tarteko urtean, Arabako ereduari jarraituz hasi berriekin eta taldekako txapelketa bat egitea, gauza xumeago bat. herriz herri. Guri asko eman digu urteroko txapelketa jokatzeak, baina aldi berean sufrimendu handia ere bada eta nekagarria. Bi aldeak ditu, alde onak eta txarrak».