17. Korrika Donostian bururatu zen apirilaren 17an eta egun batzuk lehenago gauza harrigarria gertatu zen bi aldiz zeharkatu zuelakoz Senpere. Apirilaren 11n, saratarrek eman zaukuten lekukoa, gero Arbonaraino eraman zena. Biharamunean, arratsaldez beti ere, beraz, ordutegi zinez ezin hobean, eta iduzkia lagun, uztarriztarrek ekarri zuten AEKren makiltxoa eta gure herritarrek Azkaineraino eraman zuten eskuz esku.
Aurten ere senpertar andanak parte hartu du lasterkaldi hunkigarri huntan. Bihotza eta gorputza beroturik Korrikari esker, orain argi da euskalakariek lan haundia dutela oraino egiteko gure mintzairak bere toki osoa ukan dezan egun guzietako bizian. Maitatu, ikasi, ari, euskalakari… pausoz pauso… kantuak dioen bezala.
Herri Urrats ate joka
Besta bat bururatu eta, bertze besta bati pentsatzen ari dira orain euskatzaleak: aintziraren inguruan maiatzeko bigarren igandean ospatuko den Herri Urrats, Iparraldeko ikastolen aldeko jaia, hain xuxen.
Aurtengo irabaziekin Kanboko Xalbador kolegioa haundituko eta berrituko dute osoki. Antolatzaileek espero dute aitzineko urteetan baino jende gehiago biltzea, bereziki hegoaldeko euskaltzaleak azken urteetan gero eta gutiago agertzen direlakoz aintziran.
Bertzalde, hegoaldeko hautetsien presentzia segurtatua bada, Seaskako arduradunek nahi lukete Georges Labazée Pirineo Atlantikoetako departamenduko kontseilu nagusiko president sozialista berria ere Senperen izatea. Egia da Kotte Ezenarro, orain president orde dena, edo Frantxua Maitia Akitaniako lurralde kontseiluko president ordea urte guziz Herri Urratsen izaten direla baina Seaskaren ustez, onena litzateke buruzagi nagusia bera bertan izatea horko lankidetza, lan giroa eta hitzaldiak entzun ditzan. Labazée biarnesa euskal bestarik haundienean izanen ote den…geroak erranen.