Erantzun positibo bat eman aurretik gogorarazi nahiko nuke botere politikoa duen norbaitek elizaren ideien aurka jotzen duenean, elizak beti argudio berdinak erabiltzen dituela. Etika eta moralaren aurkakoak izaten direla esaten dute eta horregatik euren misioa omen da hori salatzea. Abortua eta eskolaren laikotasunaren kasuan bezala.
Gai konkretu honetan, egia da Artzapezpikutzak ermita bere jabetza bezala inskribatu duela eta horregatik juridikoki eurena irizten dutela. Baina moralki begiratuz, dokumentu hauetan herriarena dela aipatzen da. Edonork ditu irakurgai udal artxiboan.
Santa Kruz ermitari dagokion lehen data ofiziala 1721eko uztailaren 19ari dagokio. Bisitadore generalak hauxe eskatu zuen: «herri honetako alkateari eta zinegotziei eskatzen diet Santa Kruz ermita konpondu eta moldatu dezatela. Ia erortzear dago eta erabat hondatzeko puntuan… Lanak egin ditzatela hemendik sei hilabetetara… denbora hori pasa eta lanak ez badira egin ermita bota eta deusezta dezatela».
Erantzun positiborik izan ez eta 1725ean gotzaina Udalera zuzendu zen, sei urte pasatu zirela ermitako lanak egiteko agindu zenetik eta ia eraitsita zegoela, bertan mezarik ematerik ez zegola esan zuten. Horregatik eskatu zuen herri sarreran Leitza eta Goizuetarako bidean ermita berri bat egiteko. «Bere gastu guztiak beren gain hartu dituzte limosnak eman dituzten herritarrek eta ongileek. Horregatik ermita honek ez du errentarik. Pasatzen den poltsako diruarekin ere ez da lanparentzat oliorik erosteko iristen, lehendik elizkoiek emandakoarekin hornitzen baitzen».
Azkenik, ermita zaharra zegoen lekuan harrizko gurutze bat jartzeko eskatzen zuen. Baztanea Bordan oraindik mantentzen dena.
1727an alkatea gotzaitegira zuzendu zen obrak bukatu zituztela esanez. Apirilaren 26an Juan Fermin de Villanuevak, elizaren ordezkari gisa, elizkizun handi batekin bedeinkatzeko eskatu zuen, edozein apaizek bertan meza emateko baimena emanez. Hortik dakigu ermita berriaren lur eremuak eta lanak Udalak eta herritar elizkoiek emandako diruarekin erosi eta egin zirela.
Ez dago ermitaren konpontze datu berririk 2010. urteera arte, Juanitak egindako lanari esker. Aste batzuetako lana eskaini baitzion ermita konpondu eta garbitzeari. Lurrari garbitze sakon bat eginez, paretak pintatuz, bankuak, baranda eta eskailerak bernizatuz.
Bere familiaren laguntza eduki zuen, kanpokaldea pintatzeko gehienbat. Dohainik egin duen lan bikaina eta eskuzabala izan da, bere meritu guztiekin balioetsi behar dena. Ekonomikoki eurentzat eduki duen kostu partikularra kontuan hartuz.