Azken urteotan hutsik egin ez duen Amerikanoen besta igande honetan eginen da

TTIPI TTAPA 2011ko apirilaren 26a

Goizean meza eta eguerdian bazkaria eginen dituzte

Ameriketan ibilitako artzainak igande honetan bilduko dira, 1987. urtetik egiten duten Amerikanoen besta ospatzeko helburuarekin. Aurten, maiatzaren 1a igandearekin toka­tzen dela aprobetxatuz, 11:00etan meza izanen da, Ameriketan hil diren hemengo edo han ibili eta hemen hil diren artzainen omenez. Aurten bereziki bi izanen dituzte gogoan, Kalifornian berriki hil diren Joakin Ganboa eta Juan Agesta.

Mezaren ondotik, 13:30 edo 14:00 aldera, bazkaria eginen dute Ariztigain kanpinean. Orain arte Ulibeltzak elkartean egin izan dute otordua baina aurten obrak egin beharrak direla-eta, kanpinean egitea erabaki dute.

Jesus Mari Jora­ju­riak­ azaldu digunez, 35 bat lagun bilduko dira, gehienak herritarrak, baina baita Baztan, Ul­tzama eta Iturendik eto­rritako bortz lagun ere. Kopurua urtetik urtera murrizten joan dela kontatu digu Jorajuriak, hasi zirenean «aunitz gehiago» zirela erranez. Ameriketan eta hemen bizi diren herritarren kopurua ere berdindu dela adierazi digu: «lehen han gehiago ziren, baina orain kopuru berdina gara han eta hemen».

Lurrazpian egindako ogia

Ameriketako ohiturari eutsiz, lurrazpian egositako ogia jateko aukera ere izanen dute igandean, bezperan edo egunean berean egindakoa, etxeko gaztarekin. Nahi duenaren­tzat, berendu-afaria ere eginen da kanpinean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun