Apirilaren 30ean gurekin gelditu. Horrela eskatu dute Doneztebarrak elkarteko merkatariek, udaberriarekin batera eta urteroko hitzorduari hutsik egin gabe, larunbat honetarako antolatu duten Merkatariak karrikan ekimena dela eta. Izan ere, larunbat honetan, egun osoan euren produktuak erakutsi eta salgai edukiko dituzte Santa Luzia plazan. 10:00etatik 19:30era egonen dira merkatariak karrikan. Horrekin batera, musika ere izanen da eta 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara betiko jokoak ere bai.
Azken hau Ameztia ostatu/hostalaren eta Bertiz BTTren laguntzarekin antolatu dute.
20:00etan zozketaren txanda izanen da. Saridunak maiatzaren 7an gastatu beharko du 2.000 euroko balioa duen erosketa txartela. Denda bakoitzean 180 euro gastatu ahal izanen ditu.
Egun berean eta biharamunean, maiatzak 1, pintxo lehiaketa eginen da. Herriko ostalariek irudimena landuz euren onena aterako dute jendeak dasta dezan. Aurtengoa laugarren aldia izanen da.