Korrika jendetsua

TTIPI TTAPA 2011ko apirilaren 26a

Itziar IRIGOIEN

17. Korrikaren harira herrian egin diren ekimenak ez dira gutti izan. Apiril hasieran egin zen Malerrekako Korrika Bestaren ondotik, hilaren 11n, Korrika Ttikia egin zen, goizean 10:00 aldera. Langar pixka batekin bazen ere, herriari buelta eman zitzaion eta bost lekuko aldaketa egin ziren handienek ttikienei txanda pasatuz. Beroketa polita eguerdiko Korrika Nagusiari begira. Bertze herri aunitzetan Korrika Nagusian sartu baziren ere, Donezteben eguerdia pasatu zenez eta ikasle gehienak jantokian gelditzen direnez, ttikienak ez ziren Korrika nagusian sartu. Hale­re, guraso mordox­ka­ elkartu zen Intzakardin bokata jan eta Korrika Nagusian parte­ hartzeko prest. Irakasleek Oteiza auzoan erositako kilometroan irakasle eta institutuko ikasle andana sartu zen korrika egitera eta herrira talde potoloa sartu zen, karrikak betez. Adinekoak, jende heldua, gurasoak seme-alabekin, umeen silleta taldetxoa ere bai, eta gazte eta gaztetxo aunitz. Orain arteko Korrikarik jendetsuena izan zela ere erran daiteke, eta gainera, astelehen eguerdia zela gogoratu behar da, jende aunitz lanean edota kanpoan ikasten ari baitzen. Bertzalde, dantza pla­zan ekimena ere polita izan zen, eta jendea arras gustura egon zen. 30 pertso­na inguru aritu ziren 11 doinu ezagun dantzatzen txistulari, akordeoilari, batearijo­le eta baxujolearen erritmora. Dantzen ondotik, karaokea egin zen Korrikako abes­ti eta bertze euskal abesti klasikoekin. Antolatzaileek balorazio ona egin dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun