Apirilaren 25ean, Bazko Astelehenez, Idazleen 28. Biltzarra egin dute Saran, Euskaltzaindiak antolatuta. Euskal Herri osoko 124 idazle, 30 bat elkarte eta 16 argitaletxeren lanak ezagutzeko parada izateaz gain, Joxemiel Barandiaran ekarri dute gogora, gainera, Sarari buruz gazteleraz idatzi zuen liburuaren euskarazko eta frantsesezko itzulpena lehen aldiz eskuragai izan baita.
1940. eta 1953. urteen artean Saran bizi izan zen Joxemiel Barandiaran. Pasatako urte horietan egindako ikerkuntza zientifikoak hainbat liburutan bilduak dira. Horien artean. 2000. urtean argitaratu "Bosquejo etnografico de Sara" lana dago. Lan hori euskaraz eta frantsesez itzultzen aritu da azken urteotan Euskal Kultur Erakundea. Frantsesezko itzulpena egiteko proiektua Jean Aniztobehere Sarako auzapez ohiak abiatu zuen eta, ondoren, Kattalin Totorikak segitu zuen. Hainbat lagun elkartu ditu itzulpen lan horretarako; hau da, Jesus eta Jon Aizpurua, baina, baita Erramun Bachoc, Xabier Elosegi eta Pantxo Michelena ere. Liburu hori Saran aurkitu ahal izan zen Bazko Astelehenez estreinekoz.
Erakargarri nagusi horretaz gain, Jean Pitrau sindikalista zuberotarrari buruzko liburua idatzi duen Aguxtin Errotabehere kazetari ohiarekin, “Senperetik Senperera” liburua idatzi duen Franck Dolosor kazetariarekin, Beatrice Urruspil “Gizaki Bakartiak” eleberriaren egilearekin eta Xipri Arbelbide “Sorgiñak, lehen eta orain. Afrikan eta hemen” lanaren idazlearekin izateko aukera ukan zuten letrazaleek, bertzeak bertze. Bertze zonbait libururen aurkezpena ere egin da. Honela, Gratien Adema “Zaldubi”ren “Alegiak eta bertze neurtizak” paratu zuen Henri Duhauk. Jüje Etxebarneren “Gramatika emendakinak Zuberoako euskaraz”, Manuel Padilla Moyano paratzailearen eskutik “Kadet eta Bettiriño” eta Txomin Peillenen eskutik “Egiategiren filosogo huskaldunaren ekheia” ere aurkeztu ziren.
Diskak eta eskulturak ere
Baina idazlanez, idazlez eta irakurleez gaun, diskoetxeak ere hurbildu ziren Sarara. Ian ere, ZTK Diskak diskoetxeak GUK taldeari buruz karrikaratutako lana erosteko aukera izan zen. Gainera, 30 artista ingururen lanak erakusgai jarri zituzten Saran, Eskuen Lana elkarteak kiroldegian bildu zituen obra gehienak.