Aurten 28. aldiz Eskual Herriko hainbat idazle eta margolariren topaleku bihurtuko da Sara, Bazko Astelehenez, apirilak 25, eginen den Idazleen Biltzarraren harira. 1993tik egiten den bezala, kiroldegian eginen da (10:00-18:00). Dena dela, aurtengoa berezia izanen da, Joxe Migel Barandiaranek Sararen gainean egin zuen liburua eskuarara eta frantsesera itzulia izan baita eta liburua Biltzarrean eskuratzen ahalko baita.
Hori baino lehen, joan den ortziralean, apirilaren 15ean, Lurberri gelan egin da liburuaren agertzea. Frantsesera Kattalin Totorikak itzuli du eta eskuaraz Ataungo Aizpuru anaiek, baina Erramun Baxok zuzendari dutela.
Bazko Astelehenerako Euskaltzaindiak antolatu dituen ekitaldien artean, zonbait libururen aurkezpena ere eginen da. Honela, Gratien Adema “Zaldubi”ren “Alegiak eta bertze neurtizak” paratuko du Henri Duhauk. Jüje Etxebarneren “Gramatika emendakinak Zuberoako euskaraz”, Manuel Padilla Moyano paratzailearen eskutik “Kadet eta Bettiriño” eta Txomin Peillenen eskutik “Egiategiren filosogo huskaldunaren ekheia” ere aurkeztuko dira.
Igandean, kantaldia Sarako Ondarea Elkartearen eskutik
Bezperan, Sarako Ondarea Elkartea bizi arazteko kantaldi polit bat antolatu dute Sarako elizan, apirilaren 24ean, igande arratsaldeko 18:00etan. Ipar Euskal Herriko hiru herrialdeetatik etorritako artistak entzuten ahalko dira: Sarako Saiberri taldea, Baigorriko Erramun Martikorena eta Xiberuko Jean Bordaxar laukotea.
Sartzeak aurrez eros daitezke sei eurotan Turismo Bulegoan eta egunean bertan erosten ahalko dira, zortzi eurotan.