Haur Kantari jaialdietako azken saioa apirilaren 17an eginen da Gaiarren

TTIPI TTAPA 2011ko apirilaren 15a

Nafarroa osoko 19 talde, bikote eta bakarlari ariko dira igande goizean Gaiarren. Artxiboko argazkia

Igande goizeko 11:30ean hasiko den saioan eskualdeko hainbat kantari ariko dira Iruñeko antzokian

Lehiaketetako presioa alde batera utzi eta kantuan gozatzeko aukera izan dute aurten ere neska-mutikoek Nafarroako Haur Kantari Jaialdiaren baitan.

Aurtengo Nafarroa Oinezekin bat eginez, Tafallan egin zen lehendabiziko saioa martxoaren 19an; ondotik, martxoaren 26an Lekunberrin, apirilaren 2an Elizondoko Lur dantzalekuan eta apirilaren 9an Atarrabian egin ziren saioak. Horietan nabarmendu diren partaideek igande honetan, apirilaren 17an izanen dute kanturako azken aukera Iruñeko Gaiarre Antzokian kanta­tuko dute, 11.30ean hasita. Hainbat sari banatuko dira egun horretan parte-hartzaileen artean.

Tartean, eskualdeko hainbat kantari izanen dira Gaiarren. Bortzirietako Bortziriak taldeak “Gogoak” kantatuko du; Lekarozko Leire Onsalo bakarlariak “Ta orain ze?”; Iturengo Joare Taldeak “Lokaleko leihotik”; Goizuetako Ainhoa Zabaletak “Zu barik”; Leitzako Leire Erbitik “Hegaldi askea”; Berako Larun taldeak “Izar uxoa” eta Berako Axuriak taldeak “Min hau”.

Denera, Nafarroa osotik etorritako 19 talde, bikote eta bakarlari ariko dira oholtza gainetik kantari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun