Bidasoako XXIV. Bertsopaper Lehiaketara lanak aurkezten ahal dira

TTIPI TTAPA 2011ko apirilaren 15a

Joan den urteko bertsopaper lehiaketako saridunak, Berako Kultur Etxean. Artxiboko argazkia

Bertsoak maiatzaren 6 aitzin aurkeztu behar dira

Bidasoako hogeita laugarren Bertsopaper lehiaketa antolatu dute Berako Kultur Batzordeak eta Bortzirietako Bertso Eskolak, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen laguntzarekin, Baztan-Bidasoa inguruan bizi direnentzat. Jatorrizko, argitaratu gabeko eta bertze lehiaketaren batean saritu ez diren bertsoak onartuko dira bakarrik eta norberak aukeratuko du gaia, doinua eta neurria.

Parte-hartzaileak 3 mailatan banatuko dira:

A maila: 12 urte arteko haurrek parte hartuko dute eta gutienez bi bertso edo lau kopla osatu beharko dituzte. Sariei dagokienez, 30 euroko balea eskola materialean eta bigarrenak 20 euroko balea.

B maila: 12 urtetik 18 urte arteko gazteak sarituko dira eta gutienez lau bertso egin beharko dituzte. Irabazleak oroigarria eta 80 euro eramanen ditu eta bigarrenak oroigarria eta 50 euro.

C maila: 18 urtetik goitikoek hartuko dute parte eta gutienez zortzi bertso egin beharko dituzte. Irabazleak 150 euro eta oroigarria jasoko du eta bigarrenak 100 euro.

Bertsoak maiatzaren 6a baino lehen bidali beharko dira helbide honetara:

Berako Kultur etxea


Bidasoako XXIV. Bertsopaper Lehiaketa


Eztegara pasealekua 11
31780

BERA (NAFARROA)

Bertsoak onartuak izateko izenburua eta adina eramanen dute bakarrik agerian. Bertze gutun-azal itxi batean bertsoen izenburua paratuko da azalean, eta barrenean egilearen izen-abizenak, adina eta telefonoa.

Epaimahaia Bortzirietako Bertso Eskolak izendatuko du, eta honen erabakia ezin izanen da gibelera bota. Epaimahaiak sariak hutsik utzi ahalko ditu, edo aipamen bereziak eman. Sariak Berako Kultur Etxean maiatzaren 26an, ortzeguna, arratsaldeko 18:00etan eginen den ekitaldian banatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun