Nafarroako 24. Kirol Jolasen barrenean pilota txapelketetako finalak jokatu dira asteburuan. Jubenil mailan, Labriten jokatutako partidan, Aurrerako Anartz Olano aresoarrak eta Xabier Jaunarena leitzarrak 22 eta 17 irabazi zieten Oberenako Jaurena eta Cordon-i.
Kadete mailan, berriz, Zugarraldeko Oroz eta Ruizek 22 eta 19 irabazi zieten Txarutako Albiasu eta Beginori.
Kategoria ttikiagoetako finalak Lizarrako Remontival pilotalekuan jokatu ziren. Eskualdeko pilotariei dagokienez, bigarren mailako infantiletan ez zen kolorerik izan eta Aurrerako Eskudero eta Erasok 18 eta 4 irabazi zieten San Migueleko Anduaga eta Landari.
Lehen mailako alebinetan, aldiz, Goizuetako Umore Onako Aizkorbe eta Apezetxeak 9 eta 18 galdu zuten Aldabideko Araña eta Nazabalen kontra.
Pernaute finalean
Nafarroako paleta goma txapelketako finalerdiak ere jokatu dira asteburuan. Lehen mailan, Txarutako Pernaute narbartearrak finalerako txartela lortu zuen, Amaya taldeko San Miguel-i 30 eta 24 irabazita. Gaur egungo txapeldunak, Amayako Erburuk 30 eta 21 irabazi zion Leku Onako Calvori. Beraz, Pernautek eta Erburuk jokatuko dute finala hilaren 20an.