KONPONKETAK ELIZAN
1718an aldare nagusiaren gainean erretaula berria eraiki zen eta hori egitea 227 dukat kosta zen. Gastu hori «herriko jendeak limosnarekin ordaindu zuen».
Azken urteotan, erlijioarekin lotura duten ondasunak bere izenean paratzen ari da Artzapezpikutza eta horren ondorioz, eztabaida ugari sortu da Nafarroako hainbat udalen eta Artzapezpikutzaren artean. Egoera ikusita, ondasun horien azterketa serio eta historikoa egitea komeni litzateke eta horretarako elizaren eta Udalaren artxiboak kontsultatu beharko lirateke.
Ezkurraren kasuan, udaletxeko artxiboan dauden dokumentu guztiak eta Udalaren bilkuretako aktak arretaz irakurri ditut. Elizari, ermitari eta parrokiako etxeari erreparatu beharko litzaieke, hilerria, dudarik gabe, Udalarena baita. Aipatu, hemen agertuko diren datuak udal artxibotik hartutakoak direla.
Eliza eraikitzeari buruz ez dago daturik, baina zaharberritze lanak eta material osagarriak maiz ageri dira.
Horren arabera, 1672an Ezkurrako bikarioa zen Martin de Urtasunek zilarrezko gurutze bat erosi zuen, eta 70 dukat kosta zen. Dirua «30 lagun elizkoik limosnarekin eman zuten eta gainerakoa elizako errenta batzuk salduta atera zen». 1708an elizaren alde bat konpondu zen, aldare berri batekin birjina paratzeko, «herritarren kontura egin zen elizak esku hartu gabe».
1710ean sarrerako ateak eta elizataria zaharberritu ziren.
1718an aldare nagusiaren gainean erretaula berria eraiki zen eta hori egitea 227 dukat eta 3 erreal kosta zen. Gastu hori «herriko jendeak limosnarekin ordaindu zuen, apaintzeko eta elizari itxura txukunagoa emateko zelako. Izan ere, lehengo erretaula zakarra izanda, egoera txarrean zegoen». Erretaulan testu hau irakur daiteke, gaztelaniaz: «erretaula hau debozioagatik eta herri honetako biztanleen kontura jarri zen, eliz honetako nagusiaren baimenarekin.
1816an elizako dorrerako erloju berria erosi zen. «Herritarren eta herri adierazgarri honetako errenta eta elizako primiziekin erdibana ordaindu zen». 300 pesoko gastua eragin zuten lanek.
1906an 12 haritz eta 30 pago eman zituen Udalak elizaren atzeko aldea eraiki ahal izateko.
1940an dorrea bota eta berriz egin zen eta Udalak lan horietarako 8.000 pezeta bideratu zituen. 1946an beste 2.500 euro eman zituen elizaren erdian argi-armiarma berria jartzeko.
1948an sakristira eta parrokiaren etxera ura ekartzeko gastuak ere Udalak ordaindu zituen.
1960an 25.000 pezeta eman zituen Udalak elizan zaharberritze batzuk egiteko.
Bestalde, oso aspalditik, Udalak bere gain hartu zituen sakristauen gastuak, parrokiarekin kolaboratzeko edo elizaren dorreko erlojuaren funtzionamendu egokiaz arduratzeko.
Artxiboan ez dago parrokiko etxeari buruzko datu bakar bat ere. Ermita berriari buruzko kontuak bai ageri direla, baina horien berri hurrengoan emanen dugu.