Erabilitako sukaldeko olioa birziklatzeko helburuarekin Baztan, Bertizarana, Bortziriak eta Leitzaldean paratu diren edukiontziak harrera ona izaten ari dira. Halaxe erakusten dute datuek. Bilketaz arduratzen den Ecogras enpresak emandako datuen arabera, duela urtebete Leitzaldean edukiontziak paratu zirenetik eta aurtengo otsailean Baztan, Bertizarana, Bortziriak eta Malerrekan paratu zirenetik 7.500 litro jaso dira eta «balorazio positiboa» egin dute. Bildutako olioa biodesela egiteko erabiltzen dute gero, eta bildutako olio litro bakoitzeko bioerregai litro bat lortzen da.
Eskualdez eskualde
Mendialdea Mankomunitatea izan zen guztietan aitzindaria. Areso, Goizueta eta Leitzan joan den urtean paratu ziren edukiontziak, bat Areson, bi Goizuetan eta zazpi Leitzan. Urtebetean guztira 5.780 litro bildu dira.
Malerreka, Bertizarana, Bortziriak eta Baztanen, berriz, aurten bat egin dute ekimenaren. Otsailaren 2an paratu ziren edukiontziak, Bortzirietan zortzi (Arantzan, Etxalarren eta Igantzin bana, Beran hiru eta Lesakan bi), Malerrekan eta Bertizaranan lau (Donezteben bi, Sunbillan bat eta Narbarten bertzea) eta Baztanen bertze lau (Arizkunen eta Iruritan bana eta Elizondon bi). Martxoaren 2an bildu ziren olioak lehendabiziko aldiz edukiontziak paratu zirenetik, eta Bortzirietan 645 litro bildu dira; Malerrekan 370 litro; Bertizaranan 105 litro eta Baztanen 600 litro. Ondoko taulan herriz herriko datuak.